Adierazpen instituzionala, hiesaren kontrako nazioarteko eguna dela-eta.
Eledunen Batzarrak onetsia
2007ko azaroaren 26an egindako bilkuran, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak ondoko adierazpena onetsi zuen:
"Nafarroako Parlamentuak hiesaren kontrako borrokaren nazioarteko egunaren omenezko ospakizunekin bat egin nahi du. Egun hori, urtero bezalaxe, abenduaren 1ean ospatzen da, herritarrak gaixotasun horretaz eta prebentzioaren garrantziaz kontzientziatzeko asmoz.
Gaur egun, beste inoiz baino gehiago, erakunde guztiak behartuta gaude gaixotasun hori desagerrarazteko langintzari eustera, zeren eta, adituek eginiko azken txostenen arabera, hiesaren izurria, kontrolpetik urrun soilik ez, baizik eta hedatzen ari baita, 2004an 3,9 milioi kasu berri agertzetik 2006an 4,3 milioi kasu berri erregistratzeraino. Espainian eta Nafarroan ere, hiesa gora ari da egiten, prebentzio-politikak gorabehera, eta erakunde nahiz elkarte asko isilpean baina etengabe arlo horretan lanean ari diren arren.
Jende askok, hiesak jotakoen % 40 inguruk, birusaren eramaile direnik ere ez dakite. Beraz, 1981ez geroztik 20 milioi pertsona baino gehiagoren heriotza eragin duen eritasun honen aurrean ez dugu zainketa-lan ernea lasaitu behar. Zeregin honetan guztiok esku hartu behar dugu, eta ez soilik osasun-arloko profesionalek, arduradun politikoek eta erakunde nahiz elkarteek. Gizarte osoari dagokion ardura da.
Garrantzitsua da, gaixotasun honen prebentzioaren ikuspegitik, kalitatezko heziketa afektibo-sexual baten aldeko kanpainak egiteari eustea, zeren eta gure gizartean gertatzen diren GIB-kutsatze gehienak sexu-harremanen bitartezkoak izaten baitira. Ildo honetatik, gogoan izan behar da azken hamarkadetan beherakada nabarmena izan dutela sexu-transmisiozko infekzioek eta gaixotasunek, baina beherakada hori 2002tik aurrera gelditu egin dela, hein handi batean, prebentzio-jokamoldeak lasaitu izateagatik. Nerabeak eta gazteak talde bereziki babesgabeak dira GIB/hiesaren ondoriozko infekzioaren eta sexu-transmisiozko beste gaixotasunen aurrean. Horrela, bada, neurriak hartzen segitu beharra dago, herritarrek ikas dezaten hartzen dituzten arriskuak behar bezala ebaluatzen. Gazteen artean metodo antikontzeptiboen erabilera sustatzen duten neurriak behar dute izan; batez ere, preserbatiboaren erabilerari buruzkoak, aldi berean eragozten baititu nahi ez diren haurdunaldiak, GIBaren ondoriozko infekzioa eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuk.
Hiesaren aurkako egun honetan, Nafarroako Parlamentuak ekarpen oso positibo gisa goraipatu nahi du administrazio publiko guztiek, osasun arloko profesionalek eta gobernuz kanpoko erakundeek nahiz gizarte zibileko beste egitura batzuek (hala nola Hiesaren aurkako Nafarroako Batzorde Herritarrak eta Sare Elkarteak) gaixotasun hau desagerrarazteko eginiko lana.
Azkenik, Nafarroako Parlamentuak herritar guztiei dei egiten die abenduaren 1a ardatz gisa harturik antolatzen diren jarduera guztietan parte hartzera".