Adierazpen instituzionala. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak denik eta irmotasunik handienaz gaitzesten eta arbuiatzen ditu ETAren azken atentatuak, zeinek pertsona baten heriotza ekarri baitute.
2008ko irailaren 22an egindako bilkuran, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak ondoko adierazpena onetsi zuen:
“ETA talde terroristak Armadako brigada Luis Conde de la Cruz jauna hil du gaur gauean, Santoñako Militarren Patronatuaren aurka bonba-auto bidez eginiko atentatuan. Talde terroristaren ekintza kriminal honen aurrean, Nafarroako Parlamentuak erabaki du:
Lehena. Nafarroako Parlamentua erabat gaitzesten du Armadako brigada Luis Conde de la Cruz jaunaren erailketa, Santoñako Militarren Patronatuaren aurka bonba-auto bidez eginiko atentatuan gertatua, beste militar bat eta Kantabriako herri horretako zenbait herritar ere zauritu direnekoa.
Bigarrena. Nafarroako Parlamentuak orobat gaitzesten ditu ETA talde terroristak eginiko azken ekintzak –polizia nazional baten aurkako bonba itsatsia eta Gasteizen eta Ondarroan jarritako bonba-autoak–, zeinen bidez biktima ugari eragin nahi izan baititu, atentatuetan erabilitako lehergai ugariei erreparatuta.
Hirugarrena. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die ETAko hiltzaileen burugabekeriaren eta eromenaren biktima izandako Luis Conde de la Cruz jaunaren senideei nahiz azken atentatuetako biktimen senideei eta lankideei –Polizia Nazionaleko, Armadako, Vital Kutxako eta Ertzaintzako biktimenei–, eta babesa ematen dio indarkeria terroristaren kontra eta herritarren eskubideen eta askatasunen alde daramaten borrokari. ETAk, azken ekintzen bidez, bere biktima gisa seinalatzen ditu Zuzenbide Estatua ordezkatzen duten estamentu guztiak eta herritarrak oro har, horien kontra zuzentzen baititu bere atentatu bereizmen-gabeak, gizarteari nahigaberik handiena eragin nahian.
Laugarrena. Nafarroako Parlamentuak apustu egiten du irmo eustearren ondokoei buruzko uste osoari: indar politiko demokratikoen batasunak, erakundeen babesak eta herritarren ekarpenak lortuko dutela ETAren porrota. Printzipio demokratikoen sendotasunak –printzipio horietan oinarritzen dira gure Zuzenbide Estatua nahiz Auzitegien eta Segurtasun Indar eta Kidegoen ekintzak– eta herri honetako herritarrak ordezkatzen dituzten erakundeen sendotasunak garaituko dute, azkenean, ETAko hiltzaileen eromena”.