Publicada el Freitag, 9 de März de 2012

Nafarroako Gobernua energia berriztagarrien garapenaren aldeko apustua egitera premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpena aho batez onetsi du gaur Nafarroako Gobernua premiatzen duena “apustu irmoa egitera energia berriztagarriak Foru Komunitatean garatzearen alde, eta Nafarroak arlo horretan erreferentzia izaten jarraitzea ahalbidetuko duten estrategiak taxutu ditzan, sektorearekin batera”.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du. Bertan, halaber, Espainiako Gobernua premiatzen da “moratoria hori berrazter dezan, berekin dakarrelako kualifikazio handiko sektore bat ahultzea, eta energia berriztagarrien azterketa eta garapenaren aldeko apustua egin dezan haien eraginkortasuna hobetzeko eta lehiakorragoak izan daitezen”.

Zentzu honetan, Parlamentuak “Espainiako Gobernuari eskatzen dio “energi elektrikoaren eskaria handitzen bada, beti jatorri berriztagarria izan dezan eta, energia arrunten murrizketa guztiak eraginkorragoak diren energia berriztagarriek ordezka ditzaten”.

Bigarren puntu honek, UPNk aurkeztutako in voce zuzenketa baten ondorioz gehitu denak, talde guztien babesa izan du, PPNrena izan ezik, aurka bozkatu baitu.

Zioen azalpenean, SNk bultzatutako mozioak argudiatzen du energia berriztagarrien inguruko moratoriak “haien garapena erabat oztopatzen duela eta oso hurbiletik eragiten diola Foru Komunitateari”, bai eta Nafarroaren ekonomia berdearen aldeko apustuari ere. “Hazkuntzarentzako atzerapausoa” ere dakar, are gehiago tarifa-defizitak eragindako arazoak arintzeko egindako primen murrizketen ondoren eta 2020rako CO2 emisioak %30 murrizteko konpromisoari uko egin ondoren.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 20. zk., 2012-02-24koa)