Publicada el Donnerstag, 26 de April de 2012

Parlamentua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren (DBHren) egungo egitura bere horretan mantentzearen alde dagoela adierazten duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur, SN, Nabai, Bildu eta I-Ek alde emandako botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNk kontra emandako botoarekin, Ganberak “DBHren egungo egitura, lau ikasmaila, bere horretan mantentzearen alde dagoela adierazten duen” ebazpena onetsi du.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu ba du, zeinetan, halaber, Ganberak batxilergoaren egungo egitura, bi ikasmaila, bere horretan mantentzearen alde dagoela adierazten duen. SN, Nabai eta I-Ek alde bozkatu dute eta Bildu eta UPNk kontra.

Era berean eta hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Gobernu Zentralaren aurrean DBHren egungo egitura, lau ikasmaila, mantentzearen alde ager dadin”. SN, Nabai eta I-Ek alde bozkatu dute, UPN eta Bildu abstenitu dira eta PPNk kontra bozkatu du.

Gainera, Nafarroako Gobernua premiatzen da Gobernu Zentralaren aurrean batxilergoaren egungo egitura, bi ikasmaila, mantentzearen alde ager dadin. SN eta I-Ek alde bozkatu dute, UPN, Nabai eta Bildu abstenitu dira eta PPNk kontra bozkatu du.

Bestalde, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “horren guztiaren defentsa aktiboa egin dezan Gobernu Zentralaren aurrean”. SN, Nabai eta I-Ek alde bozkatu dute, UPN eta Bildu abstenitu dira eta PPNk kontra bozkatu du.

Azkenik eta Nabai eta Bildu-k eskatu bezala, Parlamentuak “post-derrigorrezko bigarren hezkuntzaren eduki eta egituraren aldez aurretiko hausnarketa” beharrezko irizten du eta, Nafarroako Gobernua premiatzen du “Gobernu Zentralaren aurrean egungo egitura defenda dezan post-derrigorrezko hezkuntza luzatzearen beharraren inguruko azterketa sakona egin arte. Azterketak eskola-elkartea kontuan izan beharko du”. SN, Nabai, Bildu eta I-Ek alde bozkatu dute, UPN abstenitu da eta PPNk kontra bozkatu du.

Zioen azalpenean, I-Ek bultzatutako ebazpenak DBHren egungo egitura defendatzen du, bai haren “tresna- eta prestakuntza-edukiengatik”, “laneratzeko” eta “goi mailako ikasketak” egiten jarraitzeko prestatzen dutenak, bai eta “aniztasunari arreta emateko izaera hartzaileagatik” ere.

Hori dela-eta, “sendotasunari” eta laugarren mailako “hautazkotasunaren” bidez edukiak eta helburuak birdefinitzeko aukerari erantzunez, ez da arrazoirik ikusten gobernuak DBH ikasturte batez laburtzeko eta Batxilergoa zein Lanbide Heziketa ikasturte batez luzatzeko proposamena zuritzeko.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 15. zk., 2012-02-10ekoa)