Publicada el Donnerstag, 25 de Oktober de 2012

Ebazpena onetsi dute zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak 2013tik aurrera osasun publikoan haurdunaldia borondatez eteteko aukera eskaintzeko borondatea duela berresten duen

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk kontra emandakoekin, ebazpena onetsi du zeinaren bidez Legebiltzarrak “berretsi” egiten baitu “2013tik aurrera osasun publikoan haurdunaldia borondatez eteteko aukera eskaintzeko borondatea duela, Parlamentuaren 2012ko maiatzaren 10eko Osoko Bilkuran islatu zenez eta Nafarroako Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean maiatzaren 17an argitaratu zenez”.

Aipatu Osoko Bilkuran onetsitako ebazpenak, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen zuen 2012 bukatu arte geratzen den hilabeteetarako “gobernuarekin hitzarmena duen klinika pribatuarekiko ordainketa sistema berrazter dezan, ez dezaten zentroaren erabiltzaileek dirua aldez aurretik ordaindu behar izan”.

Gaur onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du non, halaber, Parlamentuak adierazten duen erabat arbuiatzen dituela “Sexu- eta ugalketa-osasunari buruzko martxoaren 3ko 2/2010 Legearen erreforma egite aldera Alderdi Popularrak baliatu nahi dituen irizpideak, emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideak larriki urratzen dituen atzerapen sozial onartezina dakartelako”.

Era berean eta hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Parlamentuaren gehiengoaren eta Nafarroako herritarren gehiengoaren borondatearen araberako jarrera eta jokabidea har ditzan”. Hartara, Nafarroako Gobernua premiatzen da “emakume nafarren eskubideak defenda ditzan eta Alderdi Popularrak egin nahi duen erreforma Nafarroan aplikatzearen aurka azal dadin”.

Zioen azalpenean, Bildu-Nafarroa eta Nabai parlamentu-taldeek bultzatutako ebazpenak Legebiltzarraren “gehiengoaren jarrera” zein den azpimarratzen du; zeinak Alderdi Popularrak abortuaren legean egin nahi duen erreformari dagokionez, “emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideen defentsa” berriz ere adierazi behar dela irizten baitu, “sektore ultrakatolikoekiko eta bizi-eskubidearen aldeko mugimenduekiko elkar aditzea” bilatuz egin baita.

Proposatu duten taldeek irizten dutenez Gallardón ministroak egin dituen adierazpen publikoetan aipatutakoak, hau da, “berriz ere baldintzen sistema ezartzeak, gaur egungo epeen sistemaren ordez eta fetuaren malformazioa gertatzen deneko kasua kentzeko aukerak” atzerapen sozial onartezina dakarte, eta larriki urratzen dituzte emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideak.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 70. zk., 2012-09-07koa)