Publicada el Donnerstag, 25 de Oktober de 2012

Parlamentuak Espainiako Gobernua kultura arloari dagokion BEZa igotzeari buruz hartutako erabakia zuzen dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek alde emandako botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNk kontra emandako botoarekin, ebazpena onetsi du gaur zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen den “kulturaren sektoreak oro har bizi dituen une zailak ikusita, kulturaren arloko BEZa ehuneko 21era igotzeko erabakia zuzen dezan eta aintzat har dezan sektoreak ia aho batez egiten duen eskaria, BEZa nabarmen jaistekoa”.

Gaur onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “Espainiako Gobernuari eska diezaion taxututako politika aldatzea, sektoreari oro har ezarritako ehunekoa nabarmen jaitsita; izan ere, ezagutu diren datuen arabera, kultur jarduerak jaitsi egin dira oro har Nafarroan 2011n, krisiaren ondorioz”.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak ohartarazten du kulturaren arloan BEZa ehuneko 21era igotzeak sektore honetako kontsumoan eragin “suntsitzaileak” izango dituela. Izan ere, 2011n, igoera hori oraindik aplikatu gabe zegoenean, sektore guztiek “jaitsiera nabarmenak” jasan zituzten, musikatik hasi eta antzerkiraino, zinema eta liburua barne.

Gainera, proposatu duen taldeak Gobernuko alderdian bertan “desadostasun-maila” handia dela aipatzen du. Izan ere, “kulturako estatu-idazkari José María Lasalle edo Valladolideko alkate Francisco Javier León de la Riva” bezalako pertsona adierazgarriek ez dute ulertzen nola hartu den “ekonomiaren esparrurako eta krisiak bereziki kaltetuak izan diren sektoreen garapenerako suntsitzailea” den horrelako neurri bat.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 70. zk., 2012-09-07koa)