Etxe babestuen moduluko prezioa mantentzen duen abenduaren 28ko 2/2012 Foru Lege Dekretua baliozkotu dute, zeina Lege proiektu gisa izapidetuko den
Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren alde emandako botoekin eta Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren kontra emandako botoekin, Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2013an aplikatuko zaizkien moduluen prezioak mantentzen dituen abenduaren 28ko 2/2012 Foru Lege Dekretua onetsi du gaur.
Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio etxebizitza babestuak eta haien eranskinak saldu eta errentan emateko gehieneko prezioak ezartzea. Zenbateko horiek foru legean zehazten diren modulu ponderatuen eta ponderatu gabeen arabera ezartzen dira urtero, eta haien kalkulua 10. artikuluan azaltzen den formula erabiliz egiten da. Izan ere, haren bidez etxebizitzarako eraikuntzaren sektorearen kostuen bilakaera islatu nahi da.
Gerta daiteke moduluak ezartzeko formula horren aplikazioaren emaitzaren eraginez moduluak igotzea (salmenta eta alokairuko prezioan erabakigarria). Hori dela-eta, eta Comptos Ganberak egindako txostenaren ondorioak ikusirik, zeinak “langabezia tasa altua eta finantzabideak topatzeko zailtasunak kontuan hartzea” aholkatzen duen, Gobernuak Foru Lege Dekretu bat ematea erabaki du, hartara, “2012an indarra izan duten moduluak bere horretan uzteko·, legez aurreikusitako formula aplikatuz moduluen igoerak ekarriko lituzkeen ondorioak saihesteko.
Foru Lege Dekretua Gobernuak kasu “berezi eta oso presakoak” gisa ulertzen duenari erantzuteko eman da, ez baitu salmenta eta alokairuko prezioen igoeraren eraginez etxebizitza eskuratzearen arazoa larriagotu nahi. Hori guztia, eraikuntzaren sektorearen jarduera motelarazi gabe, zeinari etxebizitza babestuaren prezio bat ziurtatzen zaion, bide emango diona etekin zentzukoa lor dezan.
Foru Lege Dekretuak xedapen gehigarri bakarra du, non ohartarazten den ezen “moduluak eguneratzeko formula, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluan jasotakoa, berriz aplikatzen denean, kontuan hartu beharko da ezartzeko garaian ezagunak diren azken adierazleetan urte batetik bestera izandako aldaketa”.
Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2013an aplikatuko zaien modulu ponderatua 1.246,53 eurokoa izanen da metro karratu erabilgarri bakoitzeko. Eta modulu ponderatu gabea 1.192,85 eurokoa izanen da metro karratu erabilgarri bakoitzeko.
· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proposamena (NPAO, 6. zk., 2013-01-18koa)