Publicada el Freitag, 1 de März de 2013

Ebazpen bat onetsi dute zeinaren bidez Parlamentuak adierazten duen Cascanteko ikastetxe publikoaren segurtasunak ezin duela krisiaren menpe egon

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Parlamentuak “elkartasuna adierazten dion Cascanteko ‘Santa Vicenta María’ ikastetxe publikoko hezkuntza komunitateari eta deritzon ikastetxe horren segurtasunak ezin duela krisiaren menpe egon”.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du non, halaber, Hezkuntza Departamentuari oroitarazten dion “ezin duela krisiaren aitzakia baliatu, kasu honetan duen erantzukizunari aurre ez egiteko, edo erantzukizun horren parte bat Udalaren gain uzten saiatzeko, are gehiago Nafarroako Gobernua udalen aurrekontuak murrizten ari denean eta beren inbertsioak zor bizia murrizteko gonbita egiten ari zaienean”. SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde bozkatu dute, PPNk, ez du bozkatu eta UPNk haren aurka bozkatu du.

Mozioak hirugarren idatz-zati bat zuen, UPNk eta SNk haren aurka emandako botoekin bazter utzi dena, zeinaren bidez Gobernua premiatzen zen “egungo instalazioak modernizatzea eta berritzea aintzat hartzera, halako moldez non segurtasun eta irisgarritasun arloko neurriak hartuz eta espazio-arazoak konponduz 2013/14 ikasturtetik aitzina kalitate bikaineko hezkuntza bat eskain ahal izango den”. Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek emandako babesa ez da nahikoa izan. PPNk eta atxiki gabekoek ez dute bozkatu.

Zioen azalpenean, Bildu, Aralar-Nabai eta I-E parlamentu-taldeek bultzatutako ebazpenak dio bai familiek, bai udalak, bai ikastetxeko zuzendaritzak berak denbora asko daramatela salatzen “segurtasun eta irisgarritasun” arloko arauen “urratze” larriak. Halaber, oroitarazten du Cascanten ikastetxe berri bat eraikitzeko promesa “orain dela sei urtekoa” dela eta “egoera ez dela egokia” ondorioztatzen du, bai eta orain dela hilabete pare bat Hezkuntza Batzordeak egindako bisitan ondorio hori hala dela “ikusi” zuela esan ere.

· www.parlamento-navarra.es
Mozioaren argitalpena (NPAO, 112. zk., 2012-12-21ekoa)