Publicada el Donnerstag, 9 de Mai de 2013

Arartekoak 2012. urteari dagokion urteroko txostena aurkeztu du

Javier Enérizek azpimarratzen du krisiak herritarren asegabetasuna handitzen duela "gizartearen ongizatearen, gardentasunaren eta eskubideak bermatzearen" alorretan

Nafarroako Ararteoak, Javier Enérizek, 2012ko ekitaldiari dagokion urteroko txostena aurkeztu du gaur Osoko Bilkuran. Txostenak 3.022 esku-hartze jasotzen ditu, 2011n baino 705 gehiago, alegia, % 30,43ko igoera eman da.

Francisco Javier Enérizek baieztatu du 2012an izandako “aktibitate handiari” esker, Nafarroako Administrazio Publikoek 532 iradokizun, gomendio eta legezko betebeharrei buruzko oroigarri jaso dituztela (2011n baino 159 gutxiago). Hori guztia, 7.782 herritarrek erakundera jo dutelako, besteak beste, ia 1.428 kontsulta egiteko (2011n baino 219 gehiago) eta 1.298 kexa aurkezteko (1.510 kudeatu dituzte, 2011n baino 468 gehiago), horien % 62a funtsatua.

Kexen edukiak agerian uzten du herritarrek administrazioarekin duten harremanetan kezka eta asegabetasun berdinak izaten jarraitzen dutela “gizartearen ongizatearen, gardentasunaren eta eskubideak bermatzearen” alorretan. Horrela bada, funtzio publikoarekin zerikusia duten gaiekin lotuta daude kexa gehienak. Horien artean aurkitzen dira lanpostuak sortu eta betetzeko prozedurarekin lotutakoak, % 8 murrizten direnak, eta langile funtzionarioen kudeaketarekin lotutakoak, esparru honetakoak % 92 igo dira, batez ere Espainiako Gobernuak 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ezabatzea erabakitzeagatik (414 kexa).

Bigarren postua gizarte politikaren inguruko kexek hartzen dute, 2011n eta 2010ean bezala, krisi ekonomikoarekin zuzenean erlazionatuak daudenak. % 30ak gizarteratze errenta ematea ukatu eta atzeratzearekin zerikusia du; % 21 familiaren babesarekin lotuta dago eta, bereziki, seme-alabak zaintzeko eszedentziarako laguntzen ordainketaren ebazpena atzeratu eta ondoren ukatzearekin; horren aurrean arartekoak dagokion aurrekontu esleipenaren kreditua handitzea gomendatu du.

Gizartearen ongizateari buruzko kexen ildo berean, % 13k adingabeen babesarekin zerikusia du; % 8k menpekotasunaren laguntzen kudeaketa eta ordainketarekin; % 7k ezgaitasunari ematen zaion arretarekin; beste % 7 batek gizarteko bazterkeria eta muturreko beharrizanen egoerekin; % 6k gizarte laguntzarako prestazioekin, eta beste hainbestek pertsona helduen babesarekin lotutako gaiekin.

Jarraian, hirugarren postuan, hezkuntzarekin lotutako kexak daude. Haien artean nabarmentzen dira ikasketei emandako laguntzei buruzkoak, ikasleak haiek hautatutako ikastetxeetan onartu edo ez onartzeari buruzkoak, bai eta unibertsitate ikasketen kudeaketarekin zerikusia dutenak ere.

Laugarren postuan osasunari dagozkionak daude. Haien artean nabarmen igo dira itxaron zerrendei dagozkienak, zergatik eta asistentzia espezializatuaren gehieneko epeak arautzen zituen araudia bertan behera geratu delako. Asegabetasun arrazoiak dira halaber, gaixoek jasota arreta klinikoarekin ados ez egotea, farmazia-prestazioen koordainketa arbuiatzea eta osasun zerbitzuen berrantolaketak eragindako arazoak.

Jarraian, herritarrek Administrazio Publikoekin dituzten harremanei buruzko kexen ondoren, egiten diren eskaera eta helegiteak ebatzi eta haiei buruzko informazioa emateko epeak ez betetzearekin lotuta daudenak dira nagusi. Alabaina, hizkuntza eskubideak erabiltzeari dagozkienak ere badaude, zehazki, administrazioetan euskara erabiltzearekin lotutakoak. Atal horretan, eskaerak errotulazioa eta materialen edizioa gaztelaniaz bakarrik egiteari buruzkoak eta eraikin eta bulego publikoetan euskara erabili ezin ez izateari buruzkoak daude.

Kexak aztertu ondoren, 532 ebazpen egin dira, alegia, 2011. urtearekin alderatuta 27 gutxiago. Arartekoak hartutako erabakien onarpen maila %77,6koa da, hau da, administrazioek 10 gomendiotatik 8 onartu dituzte.

Kontsultei dagokienez ere, gizarte kontuekin lotutakoak nagusitzen dira, batez ere, baliabiderik gabeko pertsonentzako prestazioei dagozkienak, gehien bat gizarte laguntzak jasotzeko betebeharren ingurukoak eta oinarrizko errenta emateko epeen ingurukoak, “aitorpenaren eta ordainketen berandupena dela-eta”.

Bestalde, herritarrek egindako 46 hobetze proposamen jaso dira. Gehienak jagoletza partekatuarekin, funtzio publikoarekin eta ogasunarekin lotuta daude; azken horiek ezgaitasunak dituzten pertsonei Ondorengotza eta Dohaintzei buruzko Zergan ematen zaien zerga tratua hobetzera bideratutako arau-aldaketak egitea eskatzen zuten, zeina ondoren 21/2012 Foru Legean jaso zen.

Azkenik, iazko jarduera guztitik, hau da, iazko kexa, kontsula, ofiziozko jardun, hobetzeko iradokizun eta txosten berezietatik, herritarrek eskubideei dagokienez geroz eta arreta eta babes gehiago eskatzen dutela ondorioztatu daiteke, batez ere eskubide sozialei dagokienez.

“Jendeak haien arazoentzako konponbide eraginkorra nahi du, baina baita Administrazio Publikoek eskaintzen dituzten zerbitzuen hobekuntzan parte-hartzeko aukera izan dezan ere”, berretsi du Javier Enériz-ek.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa, Parlamentuaren aginduz, herritarren eskubideak eta askatasun publikoak errespetatzeaz eta hobetzeaz arduratzen den eta helburu horrekin Nafarroako Administrazio Publiko guztien jarduera ikuskatzen duen erakundea da.