Publicada el Donnerstag, 9 de Mai de 2013

Nafarroako Gobernua baliabide publikoak konprometitzen dituzten Moderna Fundazioaren jarduketei buruz informa dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Esaten da ezen, politika ekonomiko publikoetan funtsezko papera izan arren, gobernua haren izaera pribatuaz baliatzen dela inongo informaziorik ez emateko

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “hilabeteko epean igor dezan Moderna Fundazioak sortu zenetik 2012ko abenduaren 31ra arte garatu dituen eta funts publikoak -zuzenean nahiz zeharka- konprometitzen dituzten jardueren zerrenda, bere xehetasunekin: laguntzak, abalak, finantzazio-konpromisoak, abantaila fiskalak edo haietarako sarbidea izateko sailkapenak eta abar”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “hilabeteko epean igor dezan Moderna Fundazioaren funtzionamendua finantzatzera bideratutako kontusailen zerrenda bat (transferentzia arruntak edo kapital-transferentziak), sortu zenetik hasita, zenbatekoen justifikazioa eta xehakapenak barne”.

PPNk gehitze zuzenketa bat aurkeztu du, ekimenaren titular den Aralar-Nabaik onetsi duena. PPNk hala eskatuta, hirugarren idatz-zati bat gehitu da, zertarako eta Nafarroako Gobernuari eskatzeko “urtero Moderna Fundazioak burututako jardueren berri emateko Parlamentuari eta, bereziki, diru publikoarekin burutzen diren horien berri emateko”. “Urtean urteko ekitaldiaren ondorengo lehenengo seihilabetekoaren barruan” egin beharko du.

Mozioak azkeneko idatz-zati bat zuen, UPNk eta SNk haren aurka emandako botoekin bazter utzi dena eta Nafarroako Gobernua premiatzen zuena “diru-laguntza gisako tratamendua eman diezaien Moderna Fundazioari zuzenean kudeatzeko esleitzen zaizkion kontusailei edo baliabide publikoei”. Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek emandako babesa ez da nahikoa izan.

Zioen azalpenean, Aralar-Nabaik bultzatutako ebazpenak azpimarratzen du ezen Moderna Fundazioa baliabide publikoak kudeatzeko mekanismo bat dela, “Comptos Ganberak eta Nafarroako gizarteak baliabide horien gainean egin beharreko kontroletik ihes egiten duena”. Gainera, esaten da egoera hori “gardentasun” ezak eragina dela, entitate horri “esleitutako funtzioen garrantziarekin” bat ez datorrena, izan ere, “interes orokorreko eta irabazi asmorik gabeko” entitate gisa definitzen baita.

Proposatu duen taldeak arbuiatzen du ezen, “Modernak politika ekonomiko publikoen orientazioan eta koordinazioan funtsezko papera izan” arren, Nafarroako Gobernuak haren izaera pribatua fundazioari buruzko informaziorik ez emateko erabiltzen duela.
Horregatik guztiagatik, Comptos Ganberak Moderna fundazio publiko bat izatera igaro dadin egokia denetz erabakitzen duen bitartean, eskatzen da fundazioak erabiltzen dituen baliabide publikoak “argiak” izan daitezen.


www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 12. zk., 2013-02-11koa)