Publicada el Donnerstag, 23 de Mai de 2013

Nafarroako Administrazio Publikoetan eta toki entitateetan funtzionarizazio prozesu berri bat abian jartzeari buruzko Foru Legea onetsi dute

Integrazioak, urte honetako uzteailaren 1a baino lehenago gauzatuko denak, sektore publikoko langileen berdintasun irizpideei erantzuten die

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, Nafarroako Administrazio Publikoetan eta toki entitateetan funtzionarizazio prozesu berri bat abian jartzeari buruzko Foru Legea onetsi du gaur.

Socialistas de Navarra, Bildu, Aralar-Nabai, Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek eta atxiki gabekoek aurkeztu duten Foru Lege proposamenaren xedea da beste hautapen-epe bat irekitzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko estatutupeko langileek eta lan-kontratupeko langile finkoek funtzionario-izaera eskuratzekoa, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileendako neurriei buruzko otsailaren 14ko 4/2003 Foru Legeko 8. artikuluan ezarritako “baldintza beretan”.

Toki entitateetako langile finkoek ere prozesu berdina jarraituko dute, izan ere, beste prozesu bati ekin ahalko diote, beren lan-kontratupeko langile finkoek funtzionario izaera eskuratzeko, legea indarrean sartzen denetik bi hilabeteko epean. Osoko Bilkuraren atxikitze hitzarmena argitaratu ondoren, interesdunek dokumentazioa aurkeztu ahal izanen dute eta eskaera bi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Prozesuak Toki Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan-kontratupeko langile finkoak hartzen ditu, baldin eta baldintza horretan (Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1995 Foru Dekretuaren 4. artikuluan legez xedatutako prozeduraren bidez) haien lanpostuan sartu badira eta aktiboko, zerbitzu bereziko eta eszedentzia bereziko egoeran badaude. Idatz-zati hori SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek sinatutako in voce zuzenketa baten ondorioz gehitu da. UPNk eta PPNk haren aurka bozkatu dute.

Aldizkako lanpostuak edo lanaldi partzialekoak betetzen dituzten lan-kontratupeko langile finkoek ez dute aukera hori izanen. Orobat halako aukerarik gabekoak izanen dira finkoa ez den lanpostu bat eskuratu ondoren finko bihurtu diren langileak, funtzio publikoan sartzeko legalki ezarritako prozeduraren bidez.

Funtzionario-izaera eskuratzen ez duten lan-kontratupeko langile finkoek jardunean ari diren lanpostu berari atxikita segituko dute (eta alderantziz). Langile horien ordainsariak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarriko dira.

Estatutu hori aplikatzeak ez du ezein kasutan ekarriko interesdunari maila altuagorik esleitzea lan-kontratupeko langile finko gisa kasuko administrazioan sartzeko eskatu zitzaion titulua baino, salbu eta legez ezarritako prozeduretako baten bitartez mailaz igo denean.

Behar den titulazioa ez edukitzeagatik funtzionario-izaera eskuratu ezin duten lan-kontratupeko langile finkoek izaera hori eskuratzea eskatu ahalko dute titulazioa lortu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Justifikaturiko kausaren bat tarteko denean izan ezik, langile guztientzat integrazio eguna berbera izanen da, eta 2013ko uztailaren 1a baino lehenagokoa. Alabaina, kontratu-harremana etenik duten langileak integratutzat joko dira beren lanpostuan jardutera itzultzen diren egunean.

Zioen azalpenean, proposatu dutenek xedea da administrazio publikoetan diharduten langile guztiek funtzionario-izaera bera izan dezaten eta, halatan, “nahi izatekoa ez den” kontratazio-ereduen bitasun honi amaiera jartzeko urratsak egin daitezen. Horregatik, sektore publikoko langile guztien “errealitatea berdintasunekoa” izan dadin, lan-kontratupeko langileei funtzionario izateko bidea irekitzen zaie.

www.parlamento-navarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 42. zk., 2013-04-23koa)