Publicada el Freitag, 24 de Mai de 2013

Nafarroako Gobernua hilabeteko epean irisgarritasun unibertsalari buruzko xedapenak bete ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Hiru hilabeteko epea ematen da jarduketa plana aurkezteko eta orain dela hiru urte aho batez onetsitako arauaren garapena arautzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “osorik bete dezan Irisgarritasun Unibertsalari eta Ororentzako Diseinuari buruzko 5/2010 Foru Legea, legeak ezarritako autoebaluazio prozesuak azkartuz”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Foru Komunitateko Gobernua premiatzen den “hiru hilabeteko epean jarduketa plan bat aurkez dezan Nafarroako Parlamentuan, beharrezkoak diren neurriak, egutegia eta diru-zenbatekoak ezarrita, irisgarritasun unibertsalerako eskubidearen eta herritar ororentzako diseinuaren arloan egun dauden gabeziak ahal den azkarren zuzentze aldera”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “hiru hilabeteko epean taxutu dezan apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legea garatzeko beharrezkoa den erregelamendua”.

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerrak bultzatutako ebazpenak legearen garrantzia azpimarratzen du, zehazki, irisgarritasun unibertsala “eskubideak aukera berdintasunean baliatzeko ezinbesteko baldintza” dela jotzen du eta baieztatzen du “hiru urte igarota, saihestu egin dira bai departamentuen autoebaluazioak, bai lehenengo xedapen gehigarrian aipaturiko planaren aurkezpena, bai erregelamendu bidezko garapena”.

Proposatu duen taldeak nabarmentzen du “paradoxikoa da Gizarte Politiketako departamentua izatea arlo horretan gutxien aitzinatu dena”. Gainera, “harrigarria eta larria” da Parlamentuak aho batez emandako agindua ez betetzea dakarrelako eta, oro har, “gizarteratzearen gaitasunaren oinarrizko osagai” bat “urratzeagatik”.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 46. zk., 2013-05-06koa)