Publicada el Donnerstag, 13 de Juni de 2013

Nafarroako Gobernua, ukitutako udalekin batera, 28/2012 Foru Legea betetze aldera hartutako erabakia defendatzera premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Gobernuaren ordezkaritzak jarritako errekurtsoaren kontra, azpimarratzen da erosahalmenaren galera dela-eta langileei abenduko aparteko ordainsariaren pareko osagarri bat ordaintzea legala dela

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “beharrekoak diren instantzietan pertsonatu dadin, ukitutako udalekin batera, abenduaren 28ko 28/2012 Foru Legea betetze aldera hartutako erabakia defendatzeko”.

Zioen azalpenean, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatutako ebazpenak “jasotzen” du Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuela udal batzuen erabakiaren aurka, langileei 2012ko abenduan osagarri bat ordaintzea erabaki baitzuten, erosahalmenaren galera dela-eta, ekainean jasotako aparteko ordainsariaren zenbatekoaren parekoa. Aukera hori 28/2012 Foru Legean jasotzen da eta “lege hori errespetatzeko” eskatzen dute, bai eta gobernuaren babesa bilatu ere.

www.parlamento-navarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 33. zk., 2013-03-22koa)