Publicada el Donnerstag, 27 de Juni de 2013

Taxiari buruzko Foru Legea aldatzea onetsi dute

Nafarroako zerbitzua hobetu nahi da, horretarako Foru Komunitateko araudia Bide Segurtasunari buruzko lege berrira egokituz eta legez kanpoko jarduera esetsiz

Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur Taxiari buruzko uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea.

Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztutako Foru Legearen xedea da Foru Komunitateko araudia 2010eko maiatzean indarrean sartu zen Bide Segurtasunari buruzko Lege berriaren “berariazko zehaztapenetara egokitzea eta Nafarroako taxi zerbitzua hobetzea”.

Arauak zenbait alderdi eguneratzen ditu, besteak beste, lizentzien baimenak, langile kontratatuekin zerbitzuak egitea, ibilbide-liburua, ibilgailuak berritzea eta zehazpen-araubidea.

Baimenari dagokionez, lizentziaren baliozkotasun baldintzak urtero berrikusteari utzi nahi zaio, zertarako eta “zerbitzua ematen den lurralde-eremuan eskuduntza duten udal edo toki entitateen araudietan xedatutakora” egokitzeko.

Bestalde, bi urtean luzatu nahi da ibilgailuen bizitza baliagarria, halako moldez non zortzitik hamar urtera luzatuko den, baina beste bi urtez ere luzatu ahalko den, udaleko edo baterako zerbitzurako eremuko toki entitateko kasuko ordenantzetan ezarritakoaren arabera. Halaber, ibilgailua “garraio publikorako eskatzen diren osasungarritasun eta segurtasun baldintza egokietan” mantentzea exijitzen da.

Era berean, testuak baimena ematen die ibilgailu egokitua duten titularrei gurpil-aulkien erabiltzaileak garraiatzeko taxi zerbitzuak egiteko jatorria edo helmuga dutenean ibilgailu egokituetarako lizentziarik ez duten udalerri edo baterako zerbitzurako eremuetan. Zerbitzu horiek, zehazten denez, ibilbide-liburuan jaso beharko dira.

Taxi zerbitzua soldatapeko langileen bidez emateari dagokionean, eszedentzia kasuan gidari bat kontratatzea aurreikusten da lizentzia aldi baterako ustiatzeko, gehienez ere bi urterako.

Bestalde, legeak, geltoki eta aireportuez gain, taxiek eremu publikoan bidaiarik hartu ezin dituzten lekuak zehazteko ahalmena ematen die baterako zerbitzuko eremu batean eskumenak dituzten udalak eta toki entitateei.

Arauak baterako zerbitzurako eremu batean eskumenak dituzten udalek edo toki entitateek, garraioen arloan eskuduna den departamentuarekin batera, administrazioen arteko koordinaziorako formulak ezarri ahal izanen dituzte taxi zerbitzua emateko, beti ere kasuan kasuko mugen barruan eta lege honek xedatukoari jarraiki.

Baterako zerbitzurako eremu bat ezarri ahal izateko baldintzak baloratzean, “egokienak” izateagatik kontuan izanen dira, besteak beste, lurraldearen antolamendurako tresnen irizpideak eta zehaztapenak.

Erreferentziazko eremu geografikoa ezartzeko lurraldearen antolamenduko tresnak funtsezkoak direla jotzen da, zeina eremu bakoitzeko eskari eta eskaintzaren maila neurtzeko erabiltzen baiten.

Taximetroaren exijentzia “nahitaezkoa” bihurtzen da, “babesgarri gertatzen baita bai erabiltzailearentzat, bai taxilariarentzat”.

9/2005 Legea aldatzearen beste xedeetako bat da zehapen-araubidea aldatuz taxi piraten jarduera esestea, alegia, bidaiariak garraiatzeko erabiltzen diren eta nahitaezko lizentzia edo baimenik ez duten eta normalean prezio baxuagoak eskaintzen ez dituzten ibilgailuak esestea.

Besteak beste, legez kanpoko jarduera hori egiten duen ibilgailua “berehala geraraziko” dela jasotzen da, isuna ordaindu arte, zeina 2.600 eurorainokoa izan litekeen.

Neurri horiekin guztiekin krisiaren eraginez % 35 inguru murriztu den sektore baten egoera leundu nahi da.

· www.parlamento-navarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 37. zk., 2013-04-09koa)
· Zuzenketen argitalpena (NPAO, 68. zk., 2013-06-18koa)