Nafarroako Gobernua Sarrigurenen ikastetxe publiko berria berehala eraiki dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute
Eguesibarko udalak 2007tik eraikitzeke dagoen ikastetxe berria datorren ikasturterako erabilgarri egote aldera obrak egiteko dirua aurreratzea ekidin nahi izatea kritikatzen da
Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk haren aurka emandako botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “berehala eraiki dezan Sarrigurengo eskola publiko berria, Nafarroako Gobernuak eta Eguesibarko Udalak 1998an sinatutako hitzarmena betez”.
Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du, UPNren eta PPNren aurkako botoak jaso dituena, non Nafarroako Gobernuari eskatzen zaion “beharrezkoak diren prozedurak ezar eta bete ditzan, Sarrigurengo ikastetxe berriaren instalazioak erabilgarri egon daitezen 2014-2015 ikasturtearen hasierarako, Sarrigurenen bermatze aldera hala eskatzen duten ikasle guztiek eta/edo hala eskatzen duten familiek ikaspostu bat izatea ikastetxe publiko batean Haur eta Lehen Hezkuntzan”. SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde bozkatu dute.
PPNk idatz-zati hori aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, ekimenaren titular I-Ek onetsi ez duena, xede zuena ikastetxe berria “ahalik eta azkarren” eta, betiere, “2015/16 ikasturtea hasi aurretik” prest egotea ziurta zedin.
Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerrak bultzatu duen ebazpenak dioenez Sarrigurengo eskola publikoan “agerikoa da espaziorik ez dagoela” eta Nafarroako Gobernuaren jarrera kritikatzen du, izan ere, Eguesibarko udalak obrak egiteko 1.434.159 euro aurreratu nahi ditu, 2014-2015 ikasturterako ikastetxe berri bat eduki ahal izateko, alegia Hezkuntza departamentuak aurreikusitakoa baino urtebete lehenago, baina Nafarroako Gobernuak hala izan dadin ekiditeko “aurrekontu arloko ziurgabetasun-arrazoiak” ematen ditu.
Proposatu duen taldearen ustez, Nafarroako Gobernuaren jarrerak datorren ikasturteko hezkuntza-egoera “okertuko du” eta, horrez gain, 2007tik eraikitzeke dagoen ikastetxe berria 2015/16 ikasturterako erabilgarri egotea “arriskuan jartzen du”.
• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 146. zk., 2013-12-13koa)