Nafarroako Gobernua atzerriko hizkuntzak Haur Hezkuntzako eta derrigorrezko irakaskuntzetan sartzeko proposamen bat aurkez dezan premiatzen duen mozioa bazter utzi dute
Arrazoien artean hizkuntza gaitasunak, besteak beste, irakasleen baliabide eta estrategiak jasoko dituen plan bat behar dituela aipatzen zen
Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, Bildu-ren, Aralar-Nabairen eta atxiki gabekoen abstentzioekin eta I-Ek haren alde emandako botoekin, mozio bat bazter utzi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zen “urtebeteko epean aurkez dezan curriculum eta antolaketa proposamen bat, atzerriko hizkuntzak Haur Hezkuntzako eta derrigorrezko irakaskuntzetako curriculumean sartzeko eta tratatzeko, eta horretarako esparru komuna eta estrategia orokorra ezar ditzan, Nafarroako irakaskuntza publikoko ikasle guztiek hezkuntzako aukera berak izan ditzaten”.
Bazter utzi den mozioak bigarren idatz-zati bat zuen, non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “aipatu proposamenean sartzera ezartzeko plan bat, proposamena orokortzeko; bertan zehaztuko lirateke irakasleen hasierako prestakuntza, etengabeko prestakuntza eta birziklatzerako behar diren baliabideak eta lanbide profilak”.
Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “ikastetxe berrietan PAI ezartzen jarrai dezan garatzen ari diren programak ebaluatu arte, besteak beste, TIL eta PAI, eta Haur Hezkuntzako eta derrigorrezko irakaskuntzetako curriculumean atzerriko hizkuntzak tratatzeko prozedura zehaztu dezan”.
Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek ordezkatze zuzenketa bat aurkeztu dute, ekimenaren titular I-Ek onetsi ez duena. Zuzenketaren xedea zen “ikastetxe berrietan PAI ezartzeari utz dadin, urtebeteko epean dagoeneko ezarri diren PAI, TIL eta British ereduen emaitzak ebaluatu arte, hortik abiatuta, Haur Hezkuntzako eta derrigorrezko irakaskuntzetako curriculumean atzerriko hizkuntzak sartzeko eta tratatzeko curriculum-proposamen antolatzaile bat prestatuz”.
Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerrak bultzatu duen mozioak atzerriko hizkuntzetako gaitasun linguistikoak hobetzearen alde egiten zuen. Horretarako, “irakasleen hezkuntzarako baliabide eta estrategiak jaso” egingo dituen eta, aldi berean, “ezarpen orokorra planifikatu” egingo duen plan bat definitzea eskatzen zuen, eredu hori landa eremuko eskolarik txikienera irits dadin.
Proposatu duen taldearen ustez, ildo horretan aurrerapausorik ez emateak “ikastetxe publikoen arteko lehia sustatzeaz gain, ikasleen segregazioa oraindik gehiago areagotzen du”.
• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 2. zk., 2014-01-08koa)