Publicada el Donnerstag, 23 de Januar de 2014

Nafarroako Gobernua LOMCE ez ezartzera premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Nafarroako hezkuntzaren beharrei buruzko ekarpenak jasotzea eta adostasunak lortzea helburu izango duen parte-hartze prozesu bat ireki dadin eskatzen da

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Parlamentuak “LOMCE errefusatu egiten” duen, “eta 2013ko irailaren 20an eztabaidatu zen 8-13/MOC-00126 mozioan onartutakoa berresten” duen. “Alegia, Nafar Gobernua premiatzen du bide guztiak urra ditzan LOMCE Nafarroan ezar ez dadin”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “Nafarroako hezkuntza komunitatearen interesak eta betebeharrak babes ditzan, geure eskumenak balia ditzan eta, hartara, legearen aurkako konstituzionalitate helegitea ezar dezan. Hortaz, prozesu parte-hartzaile eta juridiko hau guztia abian dagoen bitartean, LOMCEren ezarpena abian jar ez dezan premiatzen dugu Nafarroako Gobernua”.

Jatorriko testuak atal gehiago zituen, biak ala biak UPNk, SNk eta PPNk haien aurka emandako botoekin bazter geratu direnak. Lehenengoak Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “hezkuntza eragile guztiekin prozesu parte-hartzaile sakona abian jar dezan, geure errealitate eta betebeharrak aztertu eta ekarpenak jasotze aldera, ahalik eta kontsentsu handiena bilatu asmoz. Prozesu horretatik eratorriko den proposamena Parlamentuan aurkeztuko du Hezkuntza kontseilariak”.

Era berean eta bazter utzi duten bigarren idatz-zatian, Nafarroako Parlamentuak konpromisoa adierazten zuen “prozesu horretan inplikatzeko, hezkuntza eragile ahalik eta gehienak entzuteko, ekarpenak bilatzeko, eta adostasunak lortzen saiatzeko”.

Zioen azalpenean, Bildu-k bultzatu duen ebazpenak iragan urtarrilaren 9an osoko bilkuran LOMCEri buruz egin zen jabelduraren edukia aipatzen du eta, ildo horretan, baieztatzen duenez erreforma “inboluzionista eta uniformizatzailea” izateaz gain, “ez zaio Nafarroako errealitateari lotzen eta Europako proposamenetatik urrun dago”, haietan “gaitasunak lehenesten baitira, ez edukiak”.

Proposatu duen taldeak behin eta berriro errepikatu du Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko Lege Organikoa “aniztasunaren eta aukera berdintasunaren kontrakoa” dela eta ohartarazten du xedea “hezkuntzaren eta ikasleen beharrak ekonomiaren, enpresen eta merkatuen mende jartzea” dela.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 11. zk., 2014-01-21ekoa)