Publicada el Donnerstag, 13 de Februar de 2014

Kultur mezenasgoari buruzko legeari aurkeztutako osoko zuzenketak bazter utzi dituzte

Bildu-k, Aralar-Nabai eta I-Ek Gobernuari mezenasgoa esfortzu publikoa ordezkatzeko mekanismotzat eta ez pizgarri faktoretzat hartzea egozten diote

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta SNk haien aurka emandako botoekin eta PPNren abstentzioarekin, Bildu-Nabaik eta Izquierda-Ezkerrak Kultur mezenasgoa arautzen duen legeari buruzko lege proiektuari aurkeztu dizkieten osoko zuzenketak bazter utzi ditu gaur. Atxiki gabekoek proiektua itzultzeko saiakera babestu dute.


Gobernuak bultzatu duen lege proiektuaren xedea pertsonek, entitate pribatuek eta enpresek proiektu kulturalak finantzatzeko ekarpenak egitea sustatzea da, une honetan ekarpen publikoak murrizten ari baitira. Toki entitateak ere laguntza mota honen onuragarri izan daitezke.


Halaber, testuak laguntza pribatu horren onuraduntzat hartzen ditu irabazi-asmorik gabeko kultur entitateak, Foru Komunitateko Administrazioa, Eliza eta pertsona fisikoak.


Aldi berean, pizgarri fiskalak eskaintzen zaizkie diru-mezenasgo jarduerak burutzen dituzten horiei, bai eta ondasunak zein eskubideak emanda, ondasun higiezinen gozamena lagatuta edo interes kulturaleko ondasunak emanda mezenasgo jarduerak burutzen dituztenei ere.


Pizgarri fiskalak PFEZren, sozietateen, oinordetzaren eta emaitzen gaineko zergei dagozkie.


Pertsona fisikoen kasuan, gobernuak aurreikusten du emandako lehenengo 300 euroetan zergaren kuota % 50 deduzitzeko eskubidea izatea, eta zenbateko horretatik gorakoek % 40 deduzitzeko eskubidea izatea.
Pertsona juridikoei dagokienean, bi onura fiskal mota aurreikusten dira. Batetik, mezenasgoan inbertitutako zenbatekoak sozietateen gaineko zergatik deduzitu daitekeen sail gisa hartuko lirateke. Eta, gainera, kantitate horiengatik beraiengatik kuota likidoan dedukzio bat egiteko eskubidea izango lukete, % 30 lehenengo 300 euroentzat, eta hurrengoentzat % 20.


Era berean, gobernuak PFEZtik eta emaitza-egilearen errenta zergapetzen duen sozietateen gaineko zergatik salbuestea aurreikusten ditu aipatutako emaitzen arabera agerian jartzen diren ondare handitze eta errenta positiboak; eta hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergatik salbuetsiko lirateke lurren eskualdatzean agerian jartzen diren handitzeak, edo deskribatutako emaitzen arabera egiten diren eskubide errealen gozamena sorrerak.


Nafarroako Gobernuak gizartearen interes aitortu beharko du mezenasgo gaia izango den jarduera.


Proposamen horren aurrean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik osoko zuzenketa bat aurkeztu dute, zeinaren arabera proiektuak “ez die Nafarroako kulturaren behar eta lehentasunei erantzuten, mezenasgoa ez baitu mekanismo pizgarritzat hartzen, esfortzu publikoa ordezkatzeko mekanismotzat baizik”, horri dagokionean, azpimarratzen dute 2008 eta 2013 artean kulturako aurrekontuetan % 65 inguruko murrizketa egin dela.


Ildo horretan, bi taldeek kritikatzen dute “Nafarroako politika kulturala pizgarri fiskalen, kenkarien eta zerga-arintzeen esku uztea” eta proposamena “interbentzionista” izatea, departamentuak proiektuak aukeratzerakoan duen “diskrezioa” eta “erabilgarritasun publikoko irizpideei” baino “pribatizatzeko estrategiei” erantzuten.


Ildo berean, Izquierda-Ezkerrak aurrekontuetan egin diren murrizketen ondorioz eta BEZa % 21era igo izanagatik gertatu diren “enpleguaren suntsiketa larria” eta “kontsumoaren beherakada” nabarmena aipatzen ditu eta, horren harira, irizten du proiektua “gobernuaren politika kultural ezin txarragoak eragin duen txikizioaren zati txiki bat konpontzeko adabaki bat” besterik ez dela.


Horrela, zerga-arintzeak “diskriminatzaileak” direla esan ondoren eta hautaketarako irizpideak “arbitrarioak” izateagatik zalantzan jarri ondoren, I-Ek finantzazio publikoaren “gutxieneko” konpromiso bat izango duen proiektu berri bat eskatzen du, halako moldez non mezenasgoaren politika eta zerga-arintzea osagarri indartzaile gisa azalduko den, eta ez kultura jardueraren ordezkatzaile gisa.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 128. zk., 2013-11-08koa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 16. zk., 2014-01-28koa)