Publicada el Dienstag, 4 de März de 2014

Haurren herrixkei buruzko argazki erakusketa bati hasiera emateko ekitaldia

Iván Hidalgok Anai-Arrebak izenarekin jaso duen erakusketa honek mundu osoko herrixketan hezi diren anai-arreba biologikoen egunerokotasuna agertzen du

Parlamentuko lehendakari Alberto Catalánek mundu osoko herrixketan hezi diren anai-arreba biologikoez osatutako hainbat talderen egunerokotasuna agertzen duen argazki erakusketa bati hasiera eman dio gaur; Iván Hidalgorena da eta Anai-Arrebak izena du.


Ekitaldia parlamentuaren sarreran egin da eta hara bertaratu dira Samuel Caro eta Txentxo Jiménez, lehendakari ordeak, Maite Esporrín eta Koldo Amezketa, Mahaiko idazkariak, Rosa Freire, Aldeas Infantiles erakundearen lehendakari ordea, Iván Hidalgo, erakusketaren autorea, eta Iñigo Alli, Gizarte Politiken kontseilaria, bai eta Santa Luisa de Marillac (Barañain) eta Vedruna (Iruña) ikastetxeetako ikasleak ere.


Aldeas Infantiles erakundeak eta Nafarroako Parlamentuak elkarrekin antolatu duten erakusketak xede bikoitza du, alde batetik, herritarrak sentsibilizatzea, eta bestetik, haien familia biologikoaren bizi ezin diren anai-arrebak elkarrekin mantentzea oinarrizko eskubide unibertsala dela defendatzea eta babestea.


Horrela adierazi du Alberto Catalánek, izan ere, irekiera ekitaldian egin duen parte-hartzean “anaitasunaren eta ahizpatasunaren kontzientzia” horrek txikien “emozioen garapenerako eta orekarako” iturri gisa garrantzia handia duela azpimarratu du, eta ondorioz, baita gizarte osoaren “bizikidetzarako eta sendotzerako” ere.


Horregatik, “nonbaiteko kide eta bizikide izateko sentimendu hori sustatze eta babeste” aldera, Nafarroaren kasuan Haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko Foru Legean jasotzen dena, lehendakariak “Parlamentuak sentsibilizazioaren eta eskubideak indartzearen bidetik jarraitzeko behar adina neurri hartzeko konpromisoa” duela “berretsi” du, “beti kaltetuenen alde eginez”.


Amaitzeko Catalánek Aldeas Infantilesek egindako lana eta bidea goraipatu ditu, “65 urteko lana, 133 lurraldeetan eta 450.000 haur eta gazte baino gehiago artatuta, horietatik 19.000 Espainian”. Hori dela-eta, azpimarratu du “ez dugu gure mugetatik atera beharrik muturreko behar, babesgabetasun eta zaurgarritasun egoeran dauden haurrak ikusteko”.


Bestalde, Rosa Freirek erakundearen jarduteko era nabarmendu du, “ez ditu inoiz anai-arrebak bereizten. Bizitzari aurre egiteko gai direla ikusi arte haietaz arduratzen jarraitzen dugu, nahiz eta adinez nagusiak izan. Era horretan, lehen baino bitarteko gehiago ditugun une honetan, neska-mutilak jasotzen eta pertsona bikain bihurtu ditugun arte hezten aritu gara”.

Erakusketaren autore Iván Hidalgok, Parlamentuari eskerrak eman dizkio erretratu horiek espazio “bikain” horretan jasotzeko izan duen interesagatik. Hain desberdinak diren horrenbeste lurraldetan egotea esperientzia izugarria izan da”.

Anai-Arrebak erakusketak Hidalgok ateratako argazki sorta eskaintzen du. Hidalgo Espainiako eta nazioarteko agentzia eta aldezkarietako laguntzailea izan da, Loméko herrixketan (Togo), Tomilinon (Errusia), Tijuanan (Mexiko), Balin (Indonesia) eta Marrakexen (Maroko). Erakusketa parlamentuaren sarreran ikusgarri egongo da martxoak 28 arte, 10etatik 20etara, astelehenetik ostiralera.

Aldeak Infantiles SOS erakundearen xedea jasotzen dituzten haurrei familia bat, etxe giro orekatu bat eta heziketa sendo bat ematea da, hartara etorkizun oparo eta ziur bat emateko. Haur kaltetuenekin lan egiteaz gain, balioen heziketan laguntzen du haurren bazterkeriari amaiera emateko.

1949an sortu zen eta 133etan dagoen erakunde honek izaera unibertsaleko eredu familiarra hartzen du, lurralde bakoitzeko gizarte eta kultura ezaugarriak ardatz dituena. Babesgabetasun egoeran dauden haurren familia- eta gizarte-integrazioan lan egiten duen munduko erakunde pribaturik handiena da. Ez du irabazi-asmorik, interkonfesionala da eta orientazio politikoetatik independentea da.