Publicada el Donnerstag, 8 de Mai de 2014

Arartekoak 2013. ekitaldiari agokion urteroko txostena aurkeztu du

Jaso diren 954 kexen edukitik ondorioztatzen da gizarte, hezkuntza eta osasun politikarekin zerikusia duten gero eta kezka edo asegabetasun gehiago daudela

Nafarroako Arartekoak, Javier Enerizek, 2013ko ekitaldiari dagokion urteroko txostena aurkeztu du gaur Osoko Bilkuran. Txostenak 2.446 esku-hartze jasotzen ditu, 2012an baino 576 gutxiago, alegia, % 25eko jaitsiera eman da.

2013an egin den lan handiari esker, “2010 eta 2012 urteen atzetik aktibitate handieneko hirugarren urtea izan da”, Nafarroako Administrazio Publikoek 176 iradokizun, 325 gomendio eta 192 legezko betebeharrei buruzko oroigarri jaso dituzte (2012an baino 161 erabaki gehiago). Hori guztia, 4.114 herritarrek erakundera jo dutelako, besteak beste, ia 1.217 kontsulta egiteko (2012an baino 211 gutxiago) eta 954 kexa aurkezteko (2012an baino 1.168,342 gutxiago kudeatu dituzte), horien % 79,5a funtsatua. Horietatik guztietatik, 738 ikerketa sortu dira (2012an 698).

Hurrenez hurren, honako hamar alorretan jaso dira kexa gehienak: gizartearen ongizatea, hezkuntza, lan publikorako sarbidea, funtzio publikoa, herritarrek administrazio publikoekin dituzten harremanetan bermeak, osasuna, ogasuna, barne harremanak, etxebizitza eta ingurumena.

Kexa gehienak (%56) Foru Komunitateko Administrazioaren aurka egin dira, gehienak, zehazki, Hezkuntzako eta Gizarte Politiketako departamentuen kontra, eta ondoren, Lehendakaritza, Justizia, Barne, Osasun eta Sustapenaren aurka. Toki entitateek kexen % 21,5a hartzen dute, batez ere Iruñeko, Tuterako, Eguesibarreko eta Cintruénigoko udaletan.

Lehenengo alorrari dagokionez, alegia, Gizartearen ongizatea, Gizarte gaiak edo Gizarte politikari dagokionez, herritarren kexak krisi ekonomikoarekin zuzenean lotuta daude, aurreko bi urteetan bezala.

Kexa gehienek familiaren babesarekin zerikusia dute, batez ere seme-alabak zaintzeko lan-eszedentziarako diru-laguntzak ordaintzea ukatzearekin. Gainera, adingabeen babesarekin eta zaintzarekin lotuta daudenak areagotu egin dira, gutxiagotu ordea gizarteratze-errentarekin lotutakoak, nahiz eta oraindik ere esleitzean atzerapenak egon badauden, eta batez ere haiek aitortzeko betebeharren interpretazioan gehiegizko zorroztasunarekin. Jarraian, ahalmen urritasuneko pertsonak babestu eta gizarteratzeari dagozkien kexak daude, eta areagotu egin dira zahar-etxeetan dauden adineko pertsonen baldintzei dagozkienak.

Bigarren postuan, hezkuntzarekin zerikusia dutenak daude. Nabarmentzekoak dira ikastetxe publikoetan eskolaldi jarraitua ezartzeari dagozkienak. Halaber, haur eskolen tarifekin eta ikasteko diru-laguntza eta bekekin lotutako kexak aurkeztu dira. Oraindik ere asko dira gurasoek lehen aukera gisa aukeratu duten ikastetxean onartua ez izatearekin lotuta daudenak. Gainera, hizkuntza eskola ofizialekin edo Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroak (CREENA) ezgaitasunen bat duten haurrei ematen zien zerbitzuren bat kentzearekin zerikusia duten beste batzuk ere aurkeztu dira.

Hirugarren arloa enplegu publiko baterako sarbidea da. Kapitulu honi dagokionez, aurten, eskaintza publikoa gutxitu dela-eta, kexa gehienak aldi baterako kontrataziorako zerrenden kudeaketarekin lotuta daude. Zenbait kasutan “gardentasunik ez” dagoela salatzen da eta beste batzuetan “lehentasun hurrenkerari jaramonik egiten ez” zaiola. Erizainen lehiaketa-oposizio batean merituen baremazioarekin erlazionatutako kexak ere egon dira.

Laugarren postuan funtzio publikoari buruzko kexak daude, batez ere ordaindutako lizentzia edo baimenen baldintza jakin batzuekin ados ez egoteari buruzkoak, bai eta osagarri edo laguntza jakin batzuk ez aitortu edo ordaintzeari buruzkoak. Asko funtzionario dozenteenak, NOZ-Osasunbideako langileenak eta NUPeko langileenak dira.

Bosgarren alorra herritarren segurtasuna da. Hainbat kexa aurkeztu dira poliziaren jokabide jakin batzuekin lotuta, ordena publikoaren bi arazorekin lotuta (gomazko pilotak erabiltzea eta haurdunaldia eteteko klinika batera joaten diren emakumeak jazartzea), espetxeko administrazioarekin izandako arazoekin lotuta (Iruñeko espetxe berria abian jarri dela nabari da), jolasekin eta ikuskizun publikoekin lotuta.

Seigarren arloa “herritarrek Administrazio Publikoekin dituzten harremanetan dituzten bermeekin” zerikusia duten kexek osatzen dute. Administrazio jakin batzuek ez dute haien jarrera aldatu eta ez dituzte herritarrek helarazten dizkieten idatziak erantzuten, “ezin zurituzko betebeharra dela kontuan hartu gabe”. Halaber, agerian geratu da Administrazio jakin batzuek “informazio publikorako sarbidea izateko eskubidea arrazoirik gabe mugatzeko” jarrera dutela, “nahiz eta botere publikoek behin eta berriro gardentasuna eskatzen duten”.

Zazpigarren postuan osasunarekin zerikusia duten kexak daude. Alor honetan, itxaron zerrendak, 2012an bezala, arazo nagusia dira, batez ere traumatologian. Halaber, pazienteak jasotzen duten arreta klinikoarekin eta berehalako osasun laguntza faltarekin konforme ez daudela agerian geratu da (larrialdietako zerbitzuak, bereziki landa guneetako zerbitzu batzuk). Kexa ugari jaso dituen beste puntu bat sendagaien koordainkea da. Era berean, historia klinikoak eta errezeta elektronikoak behar bezala funtzionatzen ez dutela dioten kexak jaso dira, baita izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko lege organikoarekin zerikusia dutenak ere, hain zuzen, osasun datu pertsonaletara baimenik gabe sartzearekin.

“Hobetu beharreko” beste gai bat osasun administrazioak duen ondare erantzukizuna zehaztea da. Normalean auzibideari ematen zaio eta horrek herritarrei atzerapena eta ondarean gastua dakar. “Administrazioarekiko ustezko zenbait zigor antzeman dira, ekiditen ahal zirenak”.

Zortzigarren postuan ogasuna dago. Kexa gehienak toki ogasunen tributuei dagozkienak dira eta beste zenbait zailtasun ekonomikoak direla medio tributu zorrak ezin ordaintzeari buruzkoak.

Etxebizitzari dagokionean, kexak jada ez daude babes ofizialeko etxebizitza bat lortzeko baremazioarekin lotuta, baizik eta etxebizitza babestuen alokairuarekin, besteak beste, errentak altuak direlako, diru-laguntzak eskasak direlako eta bat batean etorritako egoera sozioekonomikoak direla medio ez ordaintzeagatik. Bestalde, etxegabetzeekin lotutako kexak jaso dira, bai hipotekak betearazteagatik, bai alokairua ez ordaintzeagatik; azken hori handitu egin den arazoa da.

Ingurumenean, gazteen aisialdirako etxabe, fabrika, taberna edo beste jardueretatik datozen soinuak direla-eta bizilagunek jartzen dituzten salaketa eta kexak bere horretan mantentzen dira. Halaber, oraindik ere ingurumenari buruzko informazioarekiko sarbiderako eskubidearekin zerikusia duten kexak aurkezten dira, “herritar orok du eskubide hori interes jakinik ziurtatu behar izan gabe”.

Kexak aztertu ondoren, 404 ebazpen egin dira, alegia, 2012. urtearekin alderatuta 128 gutxiago. Arartekoak hartutako erabakien onarpen maila %68,10ekoa da (ia iaz baino bederatzi puntu gutxiago). Gertaera hori “hein batean baliabide publikoen murrizketari egozten zaio”, baina era berean “herritarren eskubideekiko jarrera jakinetan gogortasun handiagoa dagoenaren isla da”.

Kontsultei dagokienez, gizarte gaiekin erlazionatutakoak nagusitu dira, hain zuzen, baliabiderik gabeko pertsonei ematen zaizkien laguntzekin erlazionatutakoak, batez ere gizarteratze errenta ukatzearekin, atzeratzearekin edo berritzearekin, bai eta bigarren eta hirugarren seme-alaba izateagatik amatasun baimenerako laguntzak ukatzearekin. Mendekotasunari, ezgaitasunak dituzten pertsonen sarbideari eta egoitzetan egoteko baldintzekin lotutakoak ere egon dira.

Bestalde, herritarren 19 hobetze proposamen jaso dira, gehienak ogasunari, enplegu publikoari eta hezkuntzari dagozkienak, azken horietan lanbide heziketarako urrutiko ikastaroak edo ikastaro semipresentzialak egiteko eskaria handitu dadin eta ezgaitasunen bat duten pertsonentzat tasak murriztu daitezen.

Azkenik, iaz kexen, kontsulten, ofiziozko jardueren, hobetzeko proposamenen eta txosten berezien bidez burututako jardueratik ondorioztatu daiteke herritarrek gero eta arreta eta informazio gehiago eskatzen dutela, bai eta haien eskubideak babestu daitezen gero eta gehiago eskatu ere, bereziki sozioekonomikoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa, Parlamentuaren aginduz, herritarren eskubideak eta askatasun publikoak errespetatzeaz eta hobetzeaz arduratzen den eta helburu horrekin Nafarroako Administrazio Publiko guztien jarduera ikuskatzen duen erakundea da.