Publicada el Donnerstag, 8 de Mai de 2014

Parlamentuak Espainako Gobernuak oinarrizko araudia sistematikoki erabiltzea arbuiatu egiten duela adierazten duen ebazpena onetsi dute

Ulertzen dute Parlamentuak gehiengoz onetsitako legeak eta ekimenak, Nafarroaren legegintza-ahalmena baliatzearen fruitu direnak desaktibatzeko era bat dela

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Parlamentuak “arbuiatu” egiten duen “Espainiako Gobernuak sistematikoki erabiltzea ‘oinarrizko araudia’ izenekoa Parlamentu honek gehiengoz onetsitako legeak eta ekimenak desaktibatzeko, Nafarroaren legegintza-ahalmena baliatzearen fruitu direnak”.

Mozioak beste bi idatz-zati zituen, biak ala biak UPNk, PPNk eta SNk haren aurka emandako botoekin bazter geratu direnak. Lehenengoan, Nafarroako Parlamentuak baieztatzen zuen “Nafarroak autogobernurako eskubidea duela, bai eta, horrenbestez, krisiari aurre egiteko eta bere burua errealitate politiko bezala baieztatzeko hartu beharreko neurri ekonomiko eta sozialei dagokienez erabakiak hartzeko ere”.

Bigarrenean, Parlamentuak dei egiten zien “Nafarroako talde politikoei, erakundeei eta era guztietako gizarte-eragileei, bai eta Nafarroako herritarrei ere, Nafarroaren autogobernuaren egungo egoerari buruzko hausnarketa egin dezaten eta egungo defizit hau zuzentzeko egoki iritzitako neurriak har ditzaten”.

Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek idatz-zati horiei eman dieten babesa ez da nahikoa izan ez kasu batean ez bestean.

Zioen azalpenean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik bultzatu duten ebazpenak ziurtatzen du ezen “Gobernuaren jarduera ezak eta araudiaren gabeziek” “Nafarroaren autogobernu-ahalmena endekatze-prozesu batean sartu” dutela, “zeinaren azken ondorioak oso kaltegarriak gerta daitezkeen Nafarroaren identitatearentzat berarentzat bai eta erabakitzeko ahalmenarentzat, zertarako eta, “Estatuak eta Konstituzio Auzitegiak oinarrizko arautegia gehiegi erabiltzen dutela ikusita, arazo ekonomiko eta sozial orokorrei toki mailan aurre egin ahal izateko”.

Testuinguru horretan eta Foruaren Hobekuntza “zaharkitua” dagoela esan ondoren, proposatu dutenek “eskubide historikoen eguneratze demokratikoa” eskatu dute, hartara “nafarren borondatea errespetatzen dela” ziurtatzeko.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 27. zk., 2014-02-14koa)