Publicada el Donnerstag, 12 de Juni de 2014

Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea aldatzea onetsi dute

Iragarkirik gabeko prozedura negoziatuaren gehiegizko erabilera murriztea jasotzen da, esleipen publikoak gardenagoak izan daitezen

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, PPNk, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta Bildu-ren eta Aralar-Nabairen abstentzioekin, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko 6/2006 Foru Legea aldatzea onetsi du gaur.

Atxiki gabekoek bultzatu duten legearen xedea Administrazioak iragarkirik gabeko prozedura negoziatuaren bidez esleitzen dituen kontratu kopuru handiegia mugatzea da, izan ere, “kontratu guztien %60 baino gehiago egin ziren horrela, eta kontratuok guztira kontratatutako zenbatekoaren % 17 baino gehiago egin zuten”.

Aldaketa horren asmoa da “esleitze publikoak gardenagoak izan daitezen, aukera berdintasuna eta gardentasuna, Europar Batasunaren legediaren printzipio inspiratzaileak direnak, bereziki garrantzitsuak diren testuinguru batean”.


Horren harira, legeak proposatzen du “iragarkirik gabeko prozedura negoziatua erabiltzeko ezartzen diren gehienezko zenbateko horiek berraztertu eta jaistea, muga estuagoak ezarrita”.


Era horretan, orain arte prozedura hori erabil zitekeen baldin eta obra kontratuen balioa gehienez 750.000 eurokoa bazen, baina orain “muga hori 600.000 eurora jaisten da”. Gainera, kredituaren erreserbatzeko gehieneko zenbatekoa 30.000 eurora murrizten da.


Laguntza eta hornidura kontratuen kasuan, 90.000 eurotik 75.000 eurora murrizten da, BEZa aparte, prozedura hori erabili ahal izateko balioa. Kredituaren erreserbatzeko gehieneko zenbatekoa 6.000 eurotan ezartzen da.


Edonola ere, enpresa edo profesionalak ezin izango dira esleipendunak izan kontratatzen duen administrazio beraren barruan eta aurrekontu ekitaldi batean, baldin eta kontratu horien balio zenbatetsia obren kontratuen kasuan 80.000 euro baino gehiago eta gainerakoetan 30.000 euro baino gehiagokoa bada, bi kasuetan BEZa aparte.


Halaber, xedatzen da kontratu publiko horiek eskuratzeko betebeharrak “entitate guztientzat berdinak” izan behar direla, hori ez baita oraingo araudian gertatzen “sozietate publikoentzat betebeharrak ez baitira hain zorrotzak, Nafarroako Gobernuak haien alde egiten baitu iragarkirik gabeko prozedura negoziatuaren bidez kontratuak esleitzeko orduan”.


Era berean, iragarkirik gabeko kontratuetan iragarkiak jartzeko arauetan hobekuntzak egiten dira, orain arte entitate kontratugilearen erabakia baitzen Nafarroako Kontratazioaren Atariaren bidez edo eguneroko prentsa idatzian lizitazio bat iragarri nahi zuen ala ez. Alabaina, legeak orain kontratuaren balioa 200.000 eta 60.000 euro artekoa bada, BEZa aparte, iragartzea beharrezkoa izatea aurreikusten du.


Zifra horiek legea bultzatu dutenek proposatu dituztenak baino askoz baxuagoak dira (500.000 eta 600.000 hurrenez hurren) eta sozialistek Batzordean aurkeztu duten zuzenketa baten ondorio dira. Zuzenketa horrek 6/2006 Foru Legearen 73. artikulua osatzen eta Europako Zuzentarau berriaren exijentzietara guztiz egokitzen du.


Gainera, legeak 2013ko Nafarroako Kontratu Publikoen Epaimahaiaren Memorian jasotako hobetze proposamenak barne hartzen ditu, haren lehendakariak parlamentuko egoitzan egin zuen agerraldian eskatu zuen moduan.


Alde batetik, kontratazio publikoaren alorrean erreklamazio prozedura sinplifikatu nahi da, enkarguak bertan behera uzteko epea eta erreklamazioa jartzekoarekin bat eginaraziz, halako moduz non bi kasuetan esleipena argitaratzen den hurrengo egunetik edo enkarguaren iragarkia argitaratzen den hurrengo egunetik zenbatzen hasita 10 egun naturalekoa izango den (lizitazio iragarki bat argitaratzea beharrezkoa ez denean).


Ildo horretan, kontratuak nola aldatuko diren argitzen da eta erreklamatzeko aukera legearen kontrakoak izan litezkeen esleipenetako aldaketa guztietara hedatzen da, hasierako kontratuan aurreikusita egon ala ez. Aukera hori lizitazioan onartutako lizitatzaileei erreserbatuko zaie.


Bestalde eta ebazpen epeak “asko murrizte” aldera (5 eta 10 egun artean), erreklamazioa izapidetzeko onartzea ezabatzen da, hala, jarri eta 20 lanegunetan ebatzi ahal izan dadin. Halaber, erreklamazioa jarri nahi dutenek zein dokumentu aurkeztu behar dituzten argitzen da eta probaren prozedura arautzen da, “teknikoki konplexuak diren gaietan erabilgarriak” izateagatik.


Era berean, Espainiako errekurtsorako gainerako auzitegietan bezala, errekurtsoa jartzerakoan edo erresalbuzko neurriak eskatzerakoan “ausarkeriagatik edo asmo txarra izateagatik isunak” aplikatzeko aukera ematen da. 1.000 eta 15.000 euro artekoak izango dira, eragindako kaltearen arabera.


Lege honetatik salbuetsita geratzen dira kasuan kasuko herriko irabazi asmorik gabeko kultur entitate eta elkarteak, esaterako, musika taldeak, dantza taldeak, txarangak eta antzekoak, Nafarroako Toki Entitateek antolatzen edo sustatzen dituzten kultura-, jai- eta arte-jardueretan edo folklorea hedatzeko jardueretan parte hartzen badute. Parte hartze hori ez da kontraprestaziokoa izango eta laguntza hitzarmenen bidez gauzatu beharko da, diru-laguntza publikoen arloko araudian xedatutakoari jarraiki. Horrela adostu da talde guztiek eta atxiki gabekoek sinatu duten in voce zuzenketa batean.


Osoko Bilkuran egin den eztabaidan UPNk, SNk eta I-Ek in voce aurkeztu duten zuzenketa bat onetsi da. Xedea sindikatu- eta enpresa-erakundeak derrigorrez 60.000 euro baino gehiagoko diru-laguntzak aurreratzen zaizkien kasuetan bermeak aurkeztu behar izatetik salbuestea da; hori xedatzen baitzen, hain zuzen, Diru-laguntzei buruzko 11/2005 legean apirilaren 8an Osoko Bilkuran I-Ek hala eskatuta eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin onetsi zen aldaketaren aurretik.


Bildu-ren, Aralar-Nabairen eta atxiki gabekoen aurkako botoekin 11/2005 legearen jatorriko testua onetsi ondoren, 60.000 eurotik gorako aurrerapenetan ez dira bermeak ezarriko, baldin eta Administrazio Publiko bat edo sektore publikoaren barneko entitate bat bada edo etengabeko prestakuntzako programetan eskubide hori aitortuta duten Enplegurako Zentro Berezien defizita konpentsatzeko egiten badira.


Eta izaera fakultatiboarekin, “Ogasuneko kontseilariak tarteko diren egoera bereziak direla-eta egoki deritzon kasuetan” sindikatu- eta enpresa-erakundeei bermeak ez exijitzea posible izango da, bai eta Nafarroako Lan Istiluak Konpontzeko Fundazioari edo irabazi asmorik gabeko kultura entitateei. Salbuespen horrek ez ditu sindikatu- eta enpresa-erakundeak hartzen.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 128. zk., 2013-11-08koa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 66. zk., 2013-05-20koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 74. zk., 2014-06-10ekoa)