Publicada el Donnerstag, 18 de September de 2014

Hirigintza iraunkorrari buruzko Foru Lege Proposamena aintzat hartzea onetsi dute

Eraikuntzaren alorrean berraktibazio ekonomikoa eman dadin eta enpleguak sor daitezen laguntzea du helburu, lurzoru urbanizatuaren berrikuntzarako edo berroneratzeko eragiketen bidez

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk eta atxiki gabekoek haren alde eman duten botoekin eta I-Eren abstentzioarekin Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzko foru lege proposamen bat aintzat hartzea onetsi du gaur, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legea aldatzen duena.


Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatu duen proposamenaren xedea “eraikuntza bezalako sektoreetan, berraktibazio ekonomikoa eta enplegua sortzea” da, “premia handia baitute”; “hirigintza iraunkorrerako eredu berri bat” definituta non, “urtetako lurraldearen okupazio hedakor eta espekulatiboaren ondoren” “lehentasuna ematen zaien hiriko berrikuntzako edo berroneratzeko hirigintza-eragiketei”.


Horrela, aurreko arketipoaren aurrean, zeina oinarritzen baitzen “azpiegitura berri eta garestietan eta eredu lausoa eta baliabideen kontsumitzailea definitzen zuten erabileren segmentazioan”, neurri horiek planeamenduak lurzoru mota hori dela-eta malgutasuna izatearen aldeko apustu argian oinarritzen dira. Era horretan hiri-lurzoruko kategoriak kentzen dira (finkatua eta finkatugabea) eta argiro desberdintzen dira batetik, urbanizatuta dagoen lurzorua eta, bestetik, lurzoru urbanizagarria, alegia, “planeamenduaren araberako hirigintza-eraldaketa egin gabe dagoen lurzorua”.


Gainera, eredu aldaketa hori hirigintza-garapenak planifikatuta, bai eta batzuetan exekuzio bideak ere, egotearekin bateragarria izan dadin nahi da. Horiei ere erantzuna eman nahi baitzaie “haien kudeaketa eta urbanizazioa erraztuz”.


Erreformaren beste “funtsezko” elementu bat “eraginkortasun eta efizientzia energetikoa dela-eta ereduak daukan kezka da”, Estatuko 8/2013 Legearen ildoari jarraituz gaur egun dauden eraikinetara ere hedatu nahi baita.


Azkenik, lege proposamenak “gardentasunaren eta parte-hartzearen” printzipioak Nafarroako hirigintza-zuzenbidera hedatzen ditu, Gobernu Irekiari buruzko 11/2012 Foru Legeari jarraiki, eta planeamenduko prozesu administratiboetan “soiltze eta arrazionalizatze” irizpideak gehitzen ditu.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege Proposamenaren argitalpena (NPAO, 80. zk., 2014-06-26koa)