Publicada el Donnerstag, 15 de Januar de 2015

Kontratazio publikoan gizarte-klausulak txertatzea onetsi dute

Lizitazioak gardenagoak izatea eta eskastasunari aurre egitea da helburua, horretarako esparru txikieneko azken sektore-hitzarmeneko baldintzak errespetatuta eta langileak subrogatuta

Nafarroako Parlamentuak administrazioko agirietan gizarte-klausulak txertatze aldera, Kontratu Publikoei buruzko 6/2006 Foru Legea aldatzeari buruzko Foru Legea aho batez onetsi du gaur.


Batzorde Sustatzaile batek Herri Ekimen Legegile (HEL) baten bidez bultzatu duen lege honen xedea da “Foru Komunitateko Sektore Publikoa osatzen duten obra eta zerbitzuen kontratazio, esleipen eta kudeaketa prozesuak arautzen dituzten dokumentuetan gizarte-klausulak derrigortasun izaerarekin txertatzea”.


Horretarako, lan-merkatuari egonkortasun handiagoa emateko, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek Batzordean zuzenketa bat adostu zuten in voce, zeinak HELaren zentzua “oinarrizkoenean errespetatuta”, Kontratu Publikoei buruzko legearen 49. artikulua aldatzearen alde egiten duen, zertarako eta soilik gizarte-klausulei buruzko lege gisa eman zen hasierako ekimenak eragin litzakeen “arazo teknikoak eta konstituzionaltasun arazoak saihesteko”. UPNk eta PPNk ere alde bozkatu zuten.


Horrela, kontrataziorako baldintza minimoak betetzeko botere publikoek “exiji ditzaketen” betebehar sozial gisa aipatzen dira, besteak beste, enpresaren jarduera kokatzen den adarraren “esparru txikieneko azken sektore kolektiboaren hitzarmeneko baldintzak derrigor errespetatzea” eta, enpresa kontratugilea aldatzen bada edo enpresa horrek haren jarduera hirugarrenekin azpikontratatzen badu, gutxienez hiru hilabeteko antzinakotasuna duten langile guztiak “subrogatzea” kontratua hartzen duen enpresa berria uzten duenaren eskubide eta betebehar guztietan.


Esleipendunaren eskaintza ekonomikoari dagokionez, xedatzen denez “kasuan kasuko hitzarmen kolektiboa hedatzeak eragiten dituen kostuei aurre egiteko egokia” izan beharko da, halako moduz non “inola ere ordainsarien orduko prezioak ez diren izango hitzarmenaren orduko prezioak baino baxuagoak, gehi gizarte segurantzaren kostuak”.


Aipatutako gizarte-klausulak urratu direla egiaztatzeak kontratua “deuseztatzea” ekar lezake, “bi urtez lege horren babespean deitutako prozedura orora aurkeztu ezin izanda, bai eta kontratuaren zenbatekoaren % 20aren balioko zigorra jartzea ere, kasu horretan kontratua gauzatzen jarraitu ahal izango da.


Gardentasun publiko eta instituzionalaren atalean, irizpenean Aralar-Nabairen zuzenketa bat txertatu zen, zertarako eta Nafarroako Gobernuak “Parlamentuak hirugarrenei kontratuak esleitu eta haiekin kontratuak gauzatzeari buruz eskatzen duen informazioa haien baimena behar dueneko aitzakiapean ukatzen jarrai ez dezan”.
Horretarako, lizitazio eta kontratazio dokumentuetan alde guztien “borondatezko onespena” sartzea aurreikusten da, halako moduz non gardentasun instituzionalaren mesedetan, “amaitu arte esleipen eta gauzatze prozesuekin erlazionatutako datu guztiak” ezagutzera eman ahal izanen diren.


Osoko Bilkuran egin den eztabaidan talde guztiek eta atxiki gabekoek sinatu dituzten izaera teknikoko hiru in voce zuzenketa eztabaidatu eta aho batez onetsi dira.
Kontratazio publikoan hainbat gizarte-klausula txertatzeko HELa urriaren 9an aintzat hartu zen eta Nafarroan ELA Zerbitzuak-en arduradun den Pablo Sánchez Gonzálezek defendatu zuen oholtzan.


HELa sustatu dutenen ustez, botere publikoen erantzukizuna da azpikontratatutako enplegua inguratzen duen “eskastasun eta ezegonkortasunari” aurre egitea. Merkatu hori “soilik irizpide ekonomikoei begira egiten diren lizitazioei” lotuta dago eta zeharka kudeatu edo ustiatutako “zerbitzuen kalitatea” kaltetzen bukatzen dute, bai eta “lan-baldintzak” kaltetzen ere.


Kontratazio publikoan zenbait gizarte-klausula sartzeari buruzko legea Nafarroako Parlamentura iritsi da 5.216 sinaduraren babespean, iragan uztailaren 7an Hautesle Erroldaren Bulegoaren Zuzendariordetza Nagusiak eman zuen agirian jasotzen denez. Aurkeztu ziren 5.357 sinaduretatik 141 egiaztatu ez baziren ere, HELak aurkeztu zen unean indarrean zegoen erkidego-erroldaren hautesleen ehuneko bata baino handiago zen; betebehar hori beharrezkoa da izapidetzearekin aurrera egiteko.


www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 94. zk., 2014-09-04koa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 139. zk., 2014-12-12koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 1. zk,, 2015-01-09koa)