Publicada el Donnerstag, 26 de März de 2015

Osoko Bilkurak CANi buruzko Ikerketa Batzordearen ondorioak bazter utzi ditu

UPNk haren aurka eman duen botoarekin eta gainerako taldeen abstentzioarekin hurrengo legegintzaldian Ikerketa Batzorde berri bat sortzeko konpromisoa bazter geratu da

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk haren aurka eman duen botoarekin eta SNren, Bildu-ren, Aralar-Nabairen, PPNren, I-Eren eta atxiki gabekoen abstentzioekin, CANen desagertzeari dagokionez arrazoiak eta erantzukizunak argitzeko sortu zen Ikerketa Batzordeak egin duen ondorioen irizpena bazter utzi du gaur.


Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatu behar ziren hiru boto partikularrak ere bazter geratu dira. Socialistas de Navarra parlamentu-taldearenak ez du babesik jaso eta UPNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk, I-Ek eta atxiki gabekoek haren aurka eman dituzten botoekin bazter geratu da. Bildu eta Aralar-Nabairena, I-Ek eta atxiki gabekoek babestu dutena, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin bazter geratu dira. Eta atxiki gabekoena, soilik I-Eren babesa jaso duena, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta Bildu-ren eta Aralar-Nabairen abstentzioekin bazter geratu da.


Osoko Bilkurara helarazitako irizpenak nagusiki UPNren, Socialistas de Navarra parlamentu-taldearen, PPNren eta Izquierda-Ezkerraren ekarpenak jasotzen zituen, eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek hala eskatuta hurrengo legegintzaldian Ikerketa Batzorde berri bat sortzeko konpromisoa jasotzen zuen. SNk ere ikerketa lanei berriro ekiteko konpromisoa babestu zuen, baina UPN haren aurka agertu zen eta PPNk ez zuen bozkatu.


Ondorioei dagokienez, UPNk eta Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak esan zutenez, Ikerketa Batzordeari esker baieztatu da CAN kreditu-entitate izatetik banku-fundazio izatera pasatzea “Europar Batasunak bultzatu duen eta Gorte Nagusiek onetsi dituzten lege aldaketei jarraiki estatuko autoritateek gidatu duten berregituratzearen ondorio” dela.


Biek esan zutenez, errotik egin den berregituratze horren adierazpen nagusia da Espainian 2010 urtearen hasieran 45 aurrezki kutxetatik soilik bik mantentzen dutela kreditu-entitate izatera.


Halaber, UPNk eta sozialistek zioten ezen kutxen fundazio gehienak desagertu diren arren, CAN Fundazioaren Obra Soziala mantendu dela, eta gainera “termino absolutuetan zein per kapita terminoetan sektoreko indartsuenetakoen artean dago oraindik”.


Era berean, UPNk eta SNk Nafarroako Kutxaren (% 50 baino gehiago) eta Banka Civicaren (% 60 baino gehiago) preferenteen jabeek eta azken hori burtsara atera zenean akziodunek lortu zuten errentagarritasuna beste finantza-entitate batzuetan gertatutakoarekin kontrajarri dute, izan ere, azken horien “berregituratzeak eta erreskateak herritarrei osotara 60.000 milioi euro baino gehiago kostatu zaie”.


Horraino UPNren ondorioak. Hortik aurrera, Socialistas de Navarra parlamentu-taldea bereizi egin zen. Izan ere, besteak beste, UPNren gobernuak “Nafarroako Parlamentuaren nahiei jaramonik egin gabe” burutu zuen Nafarroako Kutxa Fundazioaren “erregulazio aldebakarra” gaitzesteko, haren eustez “Nafarroako Kutxaren ondarearen gardentasunari, kudeaketari, mantentzeari eta sustatzeari dagokionez ez baita egokia”.


Bestalde, SNk adierazi zuenez UPNren gobernuak “ez du CAN xehe eta eraginkortasunez ikuskatu”, eta dokumentu jakin batzuk “ez bidaltzea edo zatiak bakarrik bidaltzeak agerian uzten duen laguntzeko gogorik eza” deitoratzen du, eta ondorioztatzen duenez “parte-hartzeak ez izapidetzeak UPNren gobernuaren erantzukizun politikoak ikertzea oztopatu du”. Azken balorazio hori (boto partikular gisa mantentzen da) irizpenetik kanpo geratu zen gogoeta bakarra izan zen, UPN, Bildu eta Aralar-Nabai haren aurka agertu baitziren. Besteak UPNk haien alde eman zuen botoarekin PPNren eta atxiki gabekoen abstentzioekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek haien aurka eman zituzten botoekin onetsi ziren.


UPNk irizpenean egin zituen ekarpen guztiak SNren eta PPNren abstentzioarekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haien aurka eman zituzten botoekin onetsi ziren.


PPNk irizpenean egin zituen hausnarketen hasieran Parlamentuaren funtzioa defendatzen zuren, izan ere, “Nafarren ordezkari legitimoa den aldetik, Nafarroako Kutxa finantza-entitate gisa desagertzeari dagokionez erantzukizun politikoak ikertzera eta mugatzera behartuta dago”.


Gobernuak CANen gainean kontrolik ez izateari dagokionez, PPN Kontuen Ganberaren azkeneko txostenean babesten zen “entitatea desagertzera eraman zuen prozesuarekin bat egin zuen funtsezko une batean” Gobernuak funtzioak alde batera utzi zituela baieztatzeko. Utziera hori Espainiako Bankura ere hedatzen zen, “horrek ere ez baitzuen entitatearen finantza-jarduera ikuskatzeko zeregina guztiz bete eta Nafarroako Gobernuak burututako azterlanen ondorioz, 1982 eta 2011 artean hutsalak izan ziren”.


Testuinguru horretan, adierazten zenez “Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kutxa Banca Civican sartzea ez baimentzea, talde berria burtsara ateratzea eta Caixa Bankek barne hartzea ez datoz bat Nafarroako Gobernuak” 2000 urtean “Nafarroako Aurrezki Kutxaren eta Iruñeko Aurrezki Kutxaren arteko fusioan parte hartu izanarekin”.


Era berean, “Nafarroako Kutxaren Fundazioak laguntzarik eman ez izana” azpimarratzen zen, haren ordezkaritza organoak “politizatzea” gaitzesten zen eta era eraginkorrean kontrolatzeko gaitasun eza “dieten sistema bat ezartzeari eta kargu publikoei lotutako organo opako bat sortzeari (Batzorde Iraunkorra)” egozten zitzaion.


Azkenik, 2002an Nafarroako Kutxak buru izan zuen zuzendaritza taldeak egin zuen kudeaketa “oso kaltegarria” izan zela esaten zen, “gerora entitatea nola desagertu zen ulertzeko osagai erabakigarri izatera bihurtzeraino”.


PPNk irizpenean egin zituen ekarpenak UPNk haien aurka eman zuen botoarekin, SNren abstentzioarekin eta gainerakoek haien alde eman zuten botoarekin onetsi ziren.


Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeak, bestalde, “argi” du “bestelako kudeaketa eta erabaki batzuekin Nafarroako Kutxak 2008ko eta 2011ko finantza-krisiei biziraun zekiekeela”. Haren ustez, desagertzearen jatorria “proiektu faraonikoaren megalomanian datza. Hazkunde eta hedatze zikloa etengabea izango zela pentsatzeak CAN fundatu zeneko xedea (Nafarroaren garapen soziala eta ekonomikoa) alde batera uztea ekarri zuen eskualdeko kutxa bat estatuko eta nazioarteko finantza-entitate batean bihurtzeko saiakeran”.


I-Eren esanetan, “Nafarroako Gobernuaren erantzukizun politikoak agerikoak dira, izan ere, hura ados egon gabe zuzendaritza eta kudeaketa taldeak ezin izango zuketen halako hedatze prozesu zentzugabea abian jarri”, Kontuen Ganberaren txostenetik ondorioztatzen denez. Horren harira, Kontuen Ganberak “hedatze planaren, aldez aurretiko erretiroen edo zuzendaritza taldearen kostuei” buruzko datuak adierazgarriak direla zioen.


Azkenik, I-Ek adierazi zuen Ikerketa Batzordeak ezin izan duela bere xedea bete, nagusiki Nafarroako Kutxaren Fundazioari, Caixa Banki, Espainiako Bankuari edo Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari (CNMV) buruzko informazio ezagatik, I-Eren ustez “erabakigarria”.


I-Ek irizpenean egin zituen ekarpenak UPNk haien aurka emandako botoarekin, SNren abstentzioarekin eta gainerakoek haien alde eman zuten botoarekin onetsi ziren.
Bildu-k eta Aralar-Nabaik batetik, eta atxiki gabekoek bestetik, egin zituzten ekarpenak ondorioen irizpenetik kanpo utzi zirne UPNk haien aurka eman zuen botoarekin eta SNren eta PPNren abstentzioarekin. Biak hala biak, alabaina, boto partikular gisa mantendu dira Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatu zitezen.


Ondorioei buruzko idatzian, Bildu-k eta Aralar-Nabaik Nafarroako Kutxa Fundazioak duen informazioa Batzordearen esku jartzerako “borondaterik ez izatea” azpimarratu zuten, baina Kontuen Ganberak bi taldeek hala eskatuta egin duen txostena goraipatzen zuten, izan ere, “egin ahal izan den azterlan bakarra da eta hortik ateratako ondorioak garrantzitsuak izan dira”.


Bildu-k eta Aralar-Nabaik Nafarroako Gobernuari “ikuskatze eta babeste funtzioak erabat alde batera utzi izana” egozten zioten, izan ere, “nahitaezkoa izan arren, fusioan eta Banca Civica eratzeko prozesuan ez da baimentzerik ageri. Utziera hori Entitate Fundatzaileen Batzordera iristen da, haren agiriak aztertzetik ondorioztatzen baita inoiz ez zela baloraziorik, hausnarketarik edo eztabaidarik egin”.


Era horretan, argi utzi ondoren “ezin izan dela baieztatu CANen hainbat organotan parte-hartzeagatik Gobernuko kideei 2000 eta 2012 artean emandako dietak justifikatuta zeudenik”, adierazten zen “2009 eta 2012 artean ondare galera izugarria egon zela (1003,532 milioi)” eta CAN “okerrera joatea eta gerora desagertzea” zuzendaritza taldearen kudeaketari egozten zitzaion, eta ez krisiari.


Ildo horretan, aipatzen ziren funtsik gabeko gastuak (Viálogos, CANen bezeroentzako VIP bidaiak, Administrazio Kontseiluko kideentzako opari bereziak), justifikatzeko zailak diren eragiketa ekonomikoak, “Banca Civicaren barneko estimazioen arabera 4.000 milioi baino gehiagoko galerak” ekarri zituztenak, eta langileei egindako ordainketak “2000 eta 2012 artean 300 milioi baino gehiagoko gainkostuarekin”. Hori guztia “entitatearen ondare artistikoan gertatutako garbitzea” kontuan hartu gabe, “2011n egindako ikuskatze baten arabera, haren inbentarioan 745 pieza falta” baitira.


Atxiki gabekoek, bestalde, aitortzen zuten ez daudela “Nafarroako Kutxa finantza-entitate gisa zergatik desagertu zen osotasunean eta era ulergarrian azaltzeko” moduan, “ez eta haren ondarearen eta ordainetan jaso ziren akzioen balioa 1.000 milioietan zergatik gutxitu zen azaltzeko ere, 2009an desagertu zen arte ia % 80rainokoa”.


Atxiki gabekoek arrazoi gisa eman zuten ezin izan dutela “funtsezkoa zen informaziora” sarbiderik izan, eta horiek beharrezkoak zirela argitzeko “galera horietatik zeintzuk dagozkion Banca Civicari eta zeintzuei egin behar izango zitzaien aurre Nafarroako Kutxa gisa jarraitzekotan. Herritarrei oraindik ez zaie azalpen argi eta ulergarririk eman Kutxa desagertzeari eta, bide horretatik, galdu genituen 1.000 milioiei dagokienez”.


Onetsi diren arauek xedatzen dutenez, Batzordearen xedea izan da ikertzea arduradunek, Administrazio Batzordea eta Nafarroako Kutxaren Zuzendaritzako kideak, hartutako zein erabaki izan diren Nafarroako Foru Komunitatea egungo egoerara eraman dutenak, bertako finantza-tresna garrantzitsuena eta beharrezkoena galdu baitu, baita prozesu osoak eta burututako abusuek eragin dituzten erantzukizun politikoak zehaztea ere.


Ikerketa Batzordeak egokitu zaien lana amaitzean iraungiko dira, eta bestela, ekitaldia amaitzerakoan.


Ikerketa Batzordearen burua Segio Sayas (UPN) izan da, baina gainera Carlos García Adanero (UPN), Santos Cerdán, Juan José Lizarbe (Socialistas de Navarra), Maiorga Ramirez, Koldo Amezketa (Bildu), Patxi Zabaleta, Xabi Lasa (Aralar-Nabai), Ana Beltrán eta Amaya Zarranz (PPN), Txema Mauleón, Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) eta Manu Ayerdi (atxiki gabekoa) parlamentariek osatu dute.