Publicada el Donnerstag, 17 de September de 2015

Parlamentuak Bardeako Poligonoa berehala desegin dadin eskatu du

Eta zorroztasunez iker ditzan iragan uztailaren 23ko gertakariak eta horien arrazoiak, nafar herritar bat balaz zauritu baitzen

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai-k, Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin eta UPNk, PSNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin, Estatuko Gobernua “Bardeako tiro-poligonoa berehala itxi dezan” premiatzen duen ebazpen bat onetsi du gaur.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du, talde guztien babesa jaso duena PPNrena izan ezik, haren aurka bozkatu baitu, non Nafarroako Gobernua eta Estatuko Gobernua premiatzen diren “zorroztasunez iker dezaten zer gertatu zen uztailaren 23an eta zer arrazoik eragiten zuten Bardeako tiro-poligonoaren inguruetan nafar herritar bat balaz zauritu izana”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Espainiar Estatuko Defentsa Ministerioari exijitzen zaio “berehala eten ditzala Nafarroako aireko espazioan su errealarekin egiten dituen Bardeako tiro-poligonoko maniobra militarrak”.

Azkenik, Estatuko Gobernua premiatzen da “berehala eten ditzan Espainiako armadak eta NATOko armadek Bardean egiten dituzten maniobra militarrak eta bonbardaketak, “Ekaitz” izeneko operazioak barne direla; eta exijitzen dio berehala geldiaraz ditzala operazio horiek, eta behin betiko eten ditzala”.

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerrak bultzatu duen ebazpenak dioenez, “tiro-poligonoarekin zerikusia duten 30 istripu larri baino gehiago egon dira, horietatik bi azken sei hilabeteetan” eta “inguruko herriei ez zaie galdeketa zuzenik egin”. Gainera, natur parke eta munduko biosfera-erreserba deklaratutako lurraldea dela azpimarratu ondoren, Bardea maniobra militarrak egiteko eremu gisa ixtea eskatzen da, ez baitator bat krisialditik eratorritako behar sozial eta ekonomikoekin”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 5. zk., 2015-08-04koa)