Publicada el Montag, 28 de September de 2015

2016ko ekitaldirako Nafarroako Parlamentuaren Aurrekontuaren Proiektua onetsi dute

12.902.550 eurokoa da, alegia, 2015. urtera arte behin eta berriro luzatu den 2012ko aurrekontuarekin alderatuta pixka bat handitu egin da

Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak 2016rako Nafarroako Parlamentuko aurrekontuaren proiektua onetsi du gaur. 12.902.550 eurokoa da, alegia, 2015. urtera arte behin eta berriro luzatu den 2012ko aurrekontuaren osoko zenbatekoarekin alderatuta pixka bat handitu egin da (168.704 euro).


Eragiketa arrunten batura % 0,8 handitu da, kapitalen eragiketena ordea % 12,9 murriztu da. Transferentzia arruntak 12.240.685 eurokoak dira eta kapitalen transferentziak 613.400 eurokoak.


I. Kapitulua, “Langileen gastuak”, 6.883.723 eurokoa da, gastuen aurrekontu osoaren % 53a hain zuzen. Aurrekontuaren kapitulu honen gastuak Nafarroako Parlamentuko ordainsarien eta Foru Komunitateko Administrazioko langileentzat xedatzen denaren arteko lotura-irizpide berdinei jarraiki prestatu dira.


II. Kapituluak, “Gastu arruntak”, aurreko ekitaldiaren behin betiko aurrekontuarekin alderatuta gastua % 6,6 murriztea jasotzen du. Kapituluaren gastua 2.279.946 eurokoa da guztira, gastu osoaren % 18a.


IV. Kapituluak, “Transferentzia arruntak”, 2016rako 3.094.876 euroko gastua jasotzen du osotara, besteak beste, parlamentu-taldeen diru-laguntzak xede izango dituena, kontzeptu horren kreditua % 1,1 handitu da (2.877.876 euro), kobratzeko eskubidea duen talde bat gehiago baitago (talde bakoitzak jasotzen duen zenbatekoa mantentzen da). Horrez gain, kapitulu honek unibertsitateekin egiten diren hitzarmenak, Saharako taldeartekoaren diru-laguntza eta Fundación Jiménez Abad fundazioaren diru-laguntzak jasotzen ditu. Gainera, egin litezkeen hitzarmen berrientzat esleipen berri bat eman da.


Amaitzeko, VI. Kapituluak, “Inbertsioak”, 422.210 euroko izendapena du, aurreko ekitaldiaren aurrekontuarekin alderatuta % 37,5 murriztea dakarrena, eta VII. Kapituluaren gastua, “Finantza aktiboak”, 57.795 euroan mantentzen da.


Eledunen Batzarrak 2016ko ekitaldirako Nafarroako Arartekoaren Bulegoaren Aurrekontu Proiektua onetsi du, 755.710,80 eurokoa dena, aurreko ekitaldian baino 3.531 gutxiago.