Ainhoa Aznárezek bisita ofiziala egin du Eusko Legebiltzarrera
Bakartxo Tejeriari adierazi dio "EAEko eta Nafarroako Foru Komunitateko erakundeen arteko lankidetza-harremanak estutzearen eta sakontzearen alde" dagoela
Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárezek bisita ofiziala egin du Eusko Legebiltzarrera, eta, bertan, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak hartu du. Bisita antolatu da euskarazko IV. Unibertsitate arteko Eztabaida Ligaren finala dela-eta, non lehendabiziko aldiz hartu duen parte Nafarroako Unibertsitate Publikoak.
Ainhoa Aznárez, EAEko legebiltzarreko buruak gonbidaturik, aipatutako ekitaldian parte hartu duten lau unibertsitateei eginiko harreran izan da (Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, NUP eta UPV/EHU), eta, gero, Osoko Bilkurako gonbidatuen palkotik, eztabaidako ligaren finala ikusi du.
Horren aurretik, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak bilera egin du Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideekin, zeinei adierazi dien oso hunkituta zegoela “berriro ere erakunde honetan egoteagatik, non, sentsibilitate politiko desberdineko beste hainbat parlamentarirekin batera, hainbeste ordu egin nuen lan gaur errealitate den bake-prozesu bat bultzatzeko”.
Horri dagokionez, eta euskarazko IV. Unibertsitate arteko Eztabaida Ligaren finaleko gaiarekin bat (Nahikoa parte hartzen du gure gizarteak politikan?), Aznárezek aurreratu du Nafarroako Parlamentuko lehendakari gisa bere buruari ezarritako konpromiso nagusietako batzuk “elkarrizketa, eztabaida eta errezeptibitatea” direla.
Eta, adierazi duenez, lehendakari kargua hartu du “konbentzituta herritarren parte-hartzea modu naturalean txertatu behar dela legegintzako jardueran”.
Jarraian, Ainhoa Aznárezek Eusko Legebiltzarreko Ohorezko Liburuan sinatu du, non jasoa utzi baitu “EAEko eta Nafarroako Foru Komunitateko erakundeen arteko lankidetza-harremanak eta elkarlana estutzearen eta sakontzearen alde” dagoela.
Bakartxo Tejeriak, bestalde, adierazi du bisita honekin abian jartzen direla legebiltzar bien arteko harremanak. “Denbora gehiegi bizi izan gara elkarrekin lan egin gabe, eta espero dut hasiera honek jarraipena izatea. Hori da gure borondatea; bilera honek, hain zuzen, erakusten du zenbat dugun amankomunean, euskara besteak beste, batzen gaituen hizkuntza”.