Publicada el Dienstag, 13 de Oktober de 2015

Parlamentu Irekia. TTIPren berri emateko saioa

Gizarte, kultur eta ekonomia-kolektiboen ordezkariek AEBen eta Europaren arteko Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transantlantikoaren eraginei buruz eztabaidatu dute

Osoko Bilkuren Aretoan Gobernu Irekia -gizartearen intereserako diren herritarren ekimenak eztabaidatzeko programa- delakoaren esparruaren barruan antolatu den Osoko Bilkura bat egin da gaur, eta Estatu Batuen eta Europaren arteko Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transantlantikoa (TTIP) deritzonari buruzkoa izan da, egun Europako Batzordea eta Estatu Batuetako Gobernua negoziatzen ari diren eta helmen handia duen merkataritzako hitzarmena.


Saioan hainbat kolektibok eta ekonomia-, kultur- eta gizarte-erakunderen ordezkarik parte hartu dute, eta hari esker TTIParen aldekoek, “inbertsio zuzena ahalbidetzeko” bide gisa ikusten dutenek, eta aurkakoek, “kontrol publiko orotik at dagoen araugabetasun testuinguru bat sortzeko” saiakera ikusten dutenek, haien iritzia eman dute.


Eztabaidari ekin aurretik Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznarezek, parte-hartu du eta ekitaldi hau aitzindaria dela azpimarratu du. Esan duenez, asmoa “parte-hartzean eta informazioa izateko eskubidean oinarritzen den aldi baten hasiera” izatea da. “gutxika gutxika parlamentu honi beste ukitu bat, beste ikuspegi bat eta beste eginkizun bat eman nahi diogu, guztioi eragiten diguten alderdi garrantzitsuei dagokienez esku-hartu eta erabaki ahal izateko”.


Jarraian, Paula Anzolak egin duen sarrera baten ondoren, Raul Cirizak Estatu Batuen eta Europaren arteko Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transantlantikoaren (TTIP) ildo nagusiak azaldu ditu, oraindik negoziatzen ari direnak, eta beste batzuekin lotu ditu; hain zuzen, Estatu Batuen eta Kanadaren Arteko Merkataritza Askearen Hitzarmena (CETA), Zerbitzuen Merkataritzaren Hitzarmena (TISA) eta Hitzarmen Transpazifikoa (TPP), hori jadanik itxita, eta “zerbitzu publikoen pribatizazioan oinarritutako politika neoliberalei eustea, kapitalen araugabetzea eta lan merkatuaren prekarizazioa” bilatzen dute.


Ondoren, hainbat parte-hartze egin dira, non azaldu den nola, ustez, TTIP era guztietako esparruei eragingo lieken, besteak beste, transgenikoei, arbitrajerako auzitegiei, osasunari, zerbitzu publikoei eta frackingari. Gero, eztabaida hasi da eta hainbat gizarte-, kultur- eta ekonomia-entitaterekin zerikusia duten pertsona ugarik parte hartu duten.


Saioa Iñaki Justesen parte-hartze batekin bukatu da, zeinak eztabaida bultzatu duen TTIParen Nafarroako Ekimenaren izenean, Ganberan ordezkaritza duten taldeei hitzarmen horren aurkako mozio bat aurkeztea proposatzeko asmoa duela adierazi duen.


Parte-hartzeak amaitu direnean, lehendakariak ekimenean parte hartu duten 60 pertsona baino gehiagori eskerrak eman dizkie eta ondoren amaiera eman dio, “Parlamentu honi ukitu ‘sozial eta parte-hartzaile’ bat emango dion ekimen sortako lehenengoa”.


Besteak beste, honako elkarteek parte hartu dute: GGKEen Koordinakundea, Merkataritza Ganbera, Cultura Precaria elkartea, Botikarien Kolegio Ofiziala, Mugarik Gabeko Arkitektura, Kontsumitzaileen Elkartea, Herrikoa, Nafar Ateneoa, UGT, 25 OSCI, Nafarroako Gobernuaren Kontsumo Zerbitzua.

TTIParen aurkako Nafarroako Ekimena honakoek osatzen dute: Alternatiba, Attac Nafarroa, Batzarre, CGT, GGKEen Koordinakundea, CCO, Cumbre Social, Ekologistak Martxan Nafarroa Iruñea, ELA, ESK, Equo Navarra-Nafarroa, EH Bildu, Jateko, Internazionalistak Auzolanean, Nafarroako Ezker Batua, Nafarroako Ezkerreko Junta Errepublikanoa, Juventudes Comunistas-Gazte Komunistak, LAB, Duintasunaren aldeko Martxak, Astearteak Eguzkitan, Munduko Medikuak, Mugarik Gabe, PCE-EPK, Osasun Plataforma, Ahal Dugu (Iruñako ingurua), REAS, Nafarroako Pobreziaren Kontrako Sarea, Setem, Solidari, Steilas.

Saiora bertaratu diren parlamentariak Virginia Aleman (Geroa Bai), Dabid Anaut (EH Bildu), Laura Perez, Eduardo Santos (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simon (Izquierda-Ezkerra) izan dira.