Publicada el Donnerstag, 29 de Oktober de 2015

Gobernuak "pribatizatutako zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko" konpromisoa duela berretsi du

Ayerdik Bildu-ren interpelazioari erantzun dio eta Osasunean eta Gizarte Eskubideetan berreskuratzeko azterlanak abian daudela nabarmendu du, esaterako sukaldeena

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakari ordeak, Manu Ayerdik, Gobernuak “orain pribatizatuta dauden zerbitzu publikoen kudeaketa publikoa berreskuratzeko” konpromisoa agertu du, Osasun eta Gizarte Eskubide departamentuei arreta berezia eskainiz.


Zehazki, Ayerdik hospitaleko sukaldeen kasua aipatu du, iragan den legegintzaldian pribatizatu ondoren “kalitatea nabarmen okertu” baitzen.


Lehendakariordeak EH Bildu-k Parlamentuko osoko bilkuran egin zuen interpelazioari erantzun dio, eta azaldu du bere garaian Osasun Departamentuak eta Mediterranea de Catering enpresak sinatu zuten kontratua berrikusi zela, eta baieztatu zela kontratua amaitu aurretik ezeztatzen saiatzeak “enpresa esleipenduna auzitara eramatea” ekarriko zuela.


Edonola ere, behar baino lehen kontratua ezeztatzeko aukera “bazter utzi” da, eta departamentuak berrikuntza prozesua aztertu du, bai eta zenbateko kostua izango zuen ere.


Era berean, entitate pribatuekin dauden kontzertuak eta Nafarroako Unibertsitatea Klinikarekin duen hitzarmena berrikustea aurreikusi du. Esan duenez, departamentua zentroarekin bildu da dagoeneko CUNeko langileei eragiten dien kontzertua aztertzen hasteko.


Gizarte Eskubideen departamentuari dagokionez, Manu Ayerdik esan du hasiera bateko konpromisoa zerbitzurik ez pribatizatzea dela “beharrezkoak diren guztiak sor daitezen babestea” dela, baita “posible den horietan kudeaketa publikoa” berreskuratzea ere.


Ildo horretan, zehaztu duenez, “mendekotasunaren balorazio ekonomikoaren despribatizazioan lanean ari gara, eta hori departamentuarentzat gai nagusietako bat da”. Halaber, esan du “mendekotasunaren arretarako zerbitzuak areagaotzen saiatzen ari gara, bereziki etxez etxeko laguntzan”.


Horrez gain, Gobernuko lehendakariordeak zehaztu du antzeko beste kontu batzuetan lanean ari direla, “ziurraski txikiagoak”, esatearako Nafarroako Jauregiko garbiketa zerbitzuak eta Navarra Arena pabilioian segurtasuna kentzea, zerbitzu publikoek har dezaten.


Bakartxo Ruizek (EH Bildu) baieztatu duenez, “neoliberalismoa” dela-eta, azken hamarkadetan osasunean, hezkuntzan, gizarte politiketan eta energian pribatizazioak egin dira eta joera hori areagotu egin da “krisiaren aitzakiarekin”, “pribatua eraginkorragoa eta merkeagoa dela eta absentismoa ekiditen duela dioten falazietan” oinarrrituta.


Nafarroaren kasuan, Ruizek ziurtatu duenez, “UPNren gobernuek argudio horiek erabili dituzte zerbitzu publikoak baliabiderik gabe uzteko eta sektore pribatuak puzteko, bai pribatizazioen bidez, hospitaleetako sukaldeen kasuaren moduan, bai beste esparruetan modu sotilagoan”.


"Herritarren ongizatetik etekina ateratzen egon dira, baina joera merkantilista honi buelta eman behar zaio”, ziurtatu du Gobernu programatikoaren hitzarmenak horri buruzko neurriak jasotzen dituela esanez. “Zerbitzu publikoak babesteko eta sektore pribatuek oinarrizko zerbitzuetan duten pisua ahalik eta gehien murrizteko konpromisoa hartu dugu”.


Carlos Garcia Adanerok (UPN) ziurtatu duenez, “garrantzitsuena eraginkortasuna, efizientzia eta kalitatea bilatzea da” eta esan du orain “dagoen sistemaren bidez, hobetu daitekeena, hori lortzen ari da”.


Patxi Leuzak (Geroa Bai) Gobernuaren jarrera babestu du, eta hospitaleko sukaldeei dagokienean, azpimarratu duenez “argi eta garbi geratu da aurreko gobernuak erabaki okerra hartu zuela”, eta ikusi da “ez duela onurarik ekarri Nafarroako Ospitalguneko ez langileentzat ez gaixoentzat”.


Tere Saezek (Podemos-Ahal Dugu) ere Gobernuaren hitzarmen programatikoa defendatu du, zerbitzu gehiago ez pribatizatzearen eta ahal den heinean orain esleituta daudenak berreskuratzearen alde egiten baitu. Hortaz, aipatutako egoerari buruzko azterlana egitera premiatu du “arian arian berreskuratzeko planifikazioa” jasoko duena.


Inma Juriok (PSN) publikoaren eta pribatuaren artean “oreka” aurkitzearen alde egin du, “ezin dugulako administrazioaren munstro bat sortu” eta batzuetan externalizazioa zerbitzuarentzat onuragarria da. Hori dela-eta, esan du PSNk “oinarrizko zerbitzuetan” kudeaketa publiko zuzena defendatuko duela eta beste batzuk externalizatzeko aukera babestuko duela gizartearentzat “onuragarria dela justifikatuta beti”, eta ez bakarrik ekonomikoki.


Ana Beltranek (PPN) kudeaketa “publiko-pribatua” defendatu du, “beharrezkoa delako” “gastuak kontrolatu” behar direnean, eta argudiatu du gaixoari “berdin zaiola janaria enpresa batek edo beste batek ematen dion” edo taxi batek edo ibilgailu publiko batek hartzen duen baldin eta “ongi zainduta” badago.


Marisa De Simonek (Izquierda-Ezkerra) argudio horiek irmotasunez gaitzetsi ditu. Ziur dago “lana externalizatzen edo prekario bihurtzen denean kalitatea galdu egiten dela”, ospitaleetako sukaldeetan geratu den moduan. Argi dago kudeaketa publikoa “eraginkorrena, efizienteena eta ekonomikoena” dela.