Publicada el Donnerstag, 5 de November de 2015

Parlamentuak trafikoaren alorrean Nafarroako eskumenen defentsan Gobernuak abian jarritako ekimen juridikoak babestu ditu

Foruzaingoa Nafarroako polizia integral gisa egikaritu dadin sustatzera eta Estatuko Administrazioarekin behar diren negoziazioak burutzera bultzatzen du

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin eta PPNk haren aurka eman duen botoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak “bere desadostasuna adierazten duen Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salak emandako 246/2015 eta 256/2015 epaiekin, Nafarroako trafikoaren arloan dituen eskumenen ingurukoak, eta adierazten du ados dagoela Gobernuak alor horretan Nafarroak dituen eskumenen defentsan abian jarritako ekimen juridikoekin”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoko (LORAFNA) 51. artikuluak aitortzen dituen eskumenen arabera eta Espainiako Konstituzioaren 149.1.29 artikuluan eta lehen xedapen gehigarrian xedatutakoaren babesean, susta dezan Foruzaingoa Nafarroako polizia integral gisa eratzea”. PSNk ez du bozkatu, PPNk haren aurka bozkatu du eta gainerakoek alde bozkatu dute.

Gainera, eta zehazten denez, “horretarako behar diren zuzemenak eginen ditu Estatuko Administrazioarekin dagokion negoziazioa izan dadin; negoziazio horretan sartuko dira polizia-eskumenen egikaritzea arlo guztietan, eta bestetik Nafarroarentzat horrek dakarren zama aitortzea, kostuan Nafarroaren eta Estatuaren arteko hitzarmen ekonomikoaren ondoriozko kupoari egozteko, zerbitzu-transferentziako prozesuaren eta Transferentzia Batzordearen funtzioen esparruan”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “transferentzia prozesu horretatik ateratzen den trafiko arloko eskumen-maila izan dadin, gutxienez ere, 3256/1982 Errege Dekretuan edo abenduaren 15eko 6/1997 Lege Organikoan jasotakoaren antzekoa”. UPNk eta PPNk haren aurka egin dute, PSNk ez du bozkatu eta gainerakoek haren alde bozkatu dute.

Mozioak laugarren idatz-zati bat zuen, UPNk, PSNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin bazter geratu dena, zeinetan premiatzen zen “egutegi bat eta banaketa geografiko bat finkatzera Foruzaingoaren hedapenerako eta Guardia Zibilaren atzera-egiterako”. Era horretan, proposatzen zenez, “Foruzaingoaren hedapenaren proportzio berean egin beharko da arlo honetako eskumenak egikaritzeari dagokionez. Horren balorazio ekonomikoa eginen da, eta horren araberako eragina izanen du Estatuari ordaindu beharreko kupoan”. Podemos-Ahal Duguk ez du bozkatu, Geroa Baik-k, EH Bildu-k eta I-Ek ordea testuari eman dioten babesari eutsi diote.

Zioen azalpenean, EH Bildu-k bultzatu duen ebazpenak eta urriaren 22an Osoko Bilkuran egin zen interpelazioaren karietara, Estatuko Abokatutzak jarritako helegiteen ondorioz emandako bi epaiekin ados ez dagoela agertzen du, trafikoko araudiari dagokionean Administrazio zentralaren tesia babesten baitute, eta esaten dutenez “Estatuaren eskumen osokoa da”, besteak beste, “Nafarroan ez baitago inolako eskumen historikorik”.

Alabaina, proposatu duen taldeak Nafarroako Gobernuak ildo horretan abian jarri dituen ekimenak babesten ditu eta Foruzaingoa Nafarroako polizia integral gisa egikaritu dadin sustatzera bultzatzen du, horretarako Estatuko Administrazioarekin behar diren negoziazioak burututa.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 24.zk., 2015-11-03koa)