Publicada el Donnerstag, 19 de November de 2015

Espainiako Gobernua eutanasia eta suizidio lagundua despenalizatzera premiatu dute

Daukan gizarte babesa arrazoi gisa aipatzen da Nafarroako Gobernua ere eutanasia eta suizidio lagundua arautuko duen lege bat prestatzera premiatzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen den “Zigor Kodearen 143. artikulua alda dezan, halako moduz non despenalizaturik geratuko baitira eutanasia eta suizidio lagundua”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, UPNren, PSNren eta PPNren oposizioarekin eta gainerakoen babesarekin, Nafarroako Gobernua premiatzen den “eutanasiarako eta suizidio lagundurako eskubidea arautuko duen foru lege bat presta eta gara dezan”.

PSNk eduki berdina zuen baina Nafarroako Gobernuaren ordez Espainiako Gobernua premiatzen zuen aldatze zuzenketa bat aurkeztu du, ekimenaren titular Geroa Bai-k onetsi ez duena.

Era berean eta Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek hala eskatuta eta aho batez onetsita gehitu den hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasunari dagozkion eskubideei eta bermeei buruzko martxoaren 24ko 8/2011 Foru Legea osotara betetzera, eta bereziki Laguntza Etikoko Batzordeen 27. artikulua”.

Zioen azalpenean, Geroa Bai-k bultzatu duen ebazpenak defendatzen du beharrezkoa dela “legalki arautzea pertsonek beren bizitzen amaiera hautatzeko duten eskubidea, eta eutanasiaren eta suizidio lagunduaren despenalizazioa gaixotasun terminal bat duten pertsonen kasuan, jasanezina zaien sufrimenduarekin amaitu nahi dutenean”.

Ebazpena proposatu duen taldeak azpimarratzen du eutanasiak “gizartean babes zabala” duen arren, delitu gisa hartzen dela oraindik eta horrek eutanasia “klandestinoak” eta Suitza, Belgika, Holanda eta Luxenburgoren gisako lurraldeetarako bidaiak areagotzea eragiten duela, haietan “bizitzari amaiera emateko modua aukeratzea baimentzen baita” oro har onesten den arauari jarraiki, alegia “pertsona bakoitza bere bizitzaren jabe da eta, hortaz, bere heriotzaren jabe ere bai”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 25. zk., 2015-11-06koa)