Publicada el Donnerstag, 10 de Dezember de 2015

Cener-Ciemat Fundazioaren maileguen amortizaziorako 2.175.000 euroko kreditu-gehikuntza ematea onetsi dute

2015eko ekitaldirako Nafarroako Teknologia Zentroak babestea xede duten aurrekontuen esleipenak nahikoak ez direla ikusita

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin, foru lege bat onetsi du gaur zeinaren bidez 2.175.000 euroko kreditu-gehikuntza bat ematen den Garapen Ekonomikoko Departamentuaren finantzazio beharrak asetzeko, Cener-Ciemat Fundazioarentzako ekarpen funtsei dagokienez “maileguen amortizaziorako”.


Kreditu-gehikuntza horren zenbatekoa aurrekontuko kontu-sail hauen kargura finantzatuko da: Bono teknologikoak ezagutza arloko zerbitzu intentsiboetarako (500.000 euro); I+G+B proiektuetarako, patenteetarako eta bideragarritasun azterlanetarako diru-laguntzak enpresentzat PO FEDER (500.000); Bono teknologikoak proiektu teknologikoetarako PO FEDER (200.000); Banda zabala ezartzeko diru-laguntzak (500.000); Kudeaketa energetikorako plana Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan (275.000); Energia aurrezpen eta eragimenerako laguntza teknikoa (200.000).


Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 4. artikuluak xedatzen duenaren arabera, Nafarroako aurrekontu orokorrak foru lege bidez arautuko dira, bai eta salbuespeneko kredituak edo kreditu-gehikuntzak emateari dagokionez haietan egiten diren aldaketak ere. Hortaz, 2012an esleitu zen eta 2015erako luzatu zen kreditua nahikoa ez denez, lege hau onesten da, kasu honetan irakurketa bakarrean.


Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala irabazi asmorik gabeko fundazio gisa sortu zen, CENER-CIEMAT Fundazioa deitzen dena. Patronatua hainbat erakunde publikok osatzen dute, besteak beste, Ekonomiako eta Lehiakortasuneko Ministerioak, Ciemat-ek, Industriako, Energiako eta Turismoko Ministerioak eta Nafarroako Gobernuak.


Fundazioaren xedea enpresen I+G+B jarduera babestea da, horretarako zerbitzu teknologikoak emanez, kontratu eta aholkularitzarekin I+G proiektuak gauzatuz; energia ekoizteko eta aprobetxatzeko teknologiak garatzea ikerketaren eta garapenaren bidez; eta energia berriztagarriak sistema energetikoan ahalik eta gehien sartzea, arazo teknikoak eta sistemaren agenteen harreman arazoak konpontzeko beharrezkoak diren tresnak eta zerbitzuak sortuz.


Manu Ayerdik, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak, azaldu duenez, “CENERek duen finantzazio beharraren aurrean eta gutxieneko diruzaintza maila batzuk ziurtatze aldera,” Gobernuak erabaki du 2015era aurreratuko direla zentro horrentzat 2016. urterako zeuden ekarpen-konpromisoak. Hortaz, gainera, hurrengo ekitaldian “enpresetan I+G+Ba sustatzeko funts gehiago egongo dira eskuragarri”.


Manu Ayerdik oroitarazi du Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER) Estatuarekin zorrak dituela 2005. urtean sinatu ziren hitzarmenen ondorioz. Hitzarmen horien xedea CENER erreferentziako postu batean kokatuko zuten hainbat azpiegitura- eta ikerketa-proiektuak egitea zen.


Ildo horretan zehaztu duenez, “makroinbertsioak egin ziren, besteak beste, energia eolikoak garatzeko unitate bat edo energia fotovoltaikoan erabiltzeko material kristalinoei buruzko ikerketa bat”.


Horrela, Gobernuak CENER baliabidez hornitzeko bi aukera zituela esan du. Batetik, Estatuarekin zuen zorra atzeratzea negoziatzea eta, bestetik, kreditu-gehikuntza bat onestea. Azkenean, bigarren aukera hori aukeratu da.


Jakinarazi duenez, aukera hori Gobernuak dituen beste kontu-sail batzuen “aurrekontuak ez gauzatzearekin” osatzen da. Era horretan, Gobernuak gauzatu gabeko diru hori erabiliko du CENERi kreditu-gehikuntza bat emateko. Horrela Gobernuak 2016an enpresetan I+G+B proiektuak sustatzeko aukera gehiago izango dituela azpimarratu du.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege Proiektuaren argitalpena (NPAO, 32. zk., 2015-11-20koa)