Barkosek berretsi du enplegu-eskaintza publikoaren proposamena "tekniko hutsa dela"
UPNk kritikatu du Hezkuntza Departamentua "berriz ere erratu dela bere erabakietan, egiazko beharrizanei erantzuten ez dien enplegu-eskaintza publiko batekin"
Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek berretsi du Hezkuntzarako enplegu-eskaintza publikoaren proposamena "tekniko hutsa" dela, eta UPNri aurpegiratu dio gaiari buruz "alarma sortzen ari dela", "soilik Gobernuan urte askotan egon ondoren zail egiten zaiolako oposizioan toki bat aurkitu eta bere burua birkokatzea".
Hori dela eta, erregionalistei eskatu die honen antzeko gaietan, hezkuntzari buruzkoetan, "saia daitezela hika-mika antzuetan ez sartzen" eta Gobernuaren jarduna kritikatzerakoan "ez dezatela irakasgairik eman".
Barkosek, Parlamentuko kontroleko osoko bilkuran UPNren galdera bati erantzunez, adierazi du enplegu-eskaintza publikoaren proposamenean euskarazko 228 lanpostu eta gaztelaniazko 92 lanpostu daudela "hezkuntzaren kidegoaren etorkizuneko beharrak ezagutzen dituztenek" egindako "txosten teknikoek horixe diotelako". Hartara, berretsi du eskaintza "tekniko hutsa" dela.
Gainera, jo du "paradoxa bat dela" UPN izatea "galdetzen duena zergatik diren bakarrik 92 gaztelaniazko lanpostuak", alderdi erregionalistak, Gobernuan zegoela, 2011n, "enplegu-eskaintza publikorako deialdia egin baitzuen gaztelaniazko lanpostu bakar bat ere gabe", eta 2015ean, berriz, "ingelesezko haur hezkuntzako 35 lanpostu eta lehen hezkuntzako 15 lanpostu eta euskarazko haur hezkuntzako 15 lanpostu eta lehen hezkuntzako 15 lanpostu proposatu baitzituen, gaztelaniazko lanpostu bakar bat ere jaso gabe".
Bere iritziz, erregionalistek "ingelesezko 50 lanpostu horiek iragarri zituzten gai hau lagarteranaren gisara janzteko", zeren eta "ongi baitzekiten ezinezkoa zela lanpostu horiek aurrera ateratzea".
Hartara, Barkosek azpimarratu du Hezkuntza Departamentuak lanpostu gehienak euskarazkoak izan daitezen proposatzeko izan dituen arrazoiak UPNren Gobernuak izan zituenen berdinak direla, "hezkuntzaren arloko beharrizanei buruzko aurreikuspen berarekin".
Halaber, lehendakariak berretsi du Gobernuak "saiatu nahi duela ahal den guztian adostasunetara" iristen enplegu-eskaintza publikoari buruz, "hezkuntza-komunitatearekin daukan erantzukizunari begiratzeari utzi gabe", eta honako hau azpimarratu du: "oraindik ere ez da erabaki zer onetsiko den", baina "hori egiteko atarian gaude".
Alberto Catalánek (UPN parlamentu-taldea) kritikatu du Hezkuntza Departamentua, José Luis Mendoza buru duela, "berriz ere erratu dela bere erabakietan, egiazko beharrizanei erantzuten ez dien enplegu-eskaintza publiko batekin, eta gizartean alarma piztu duela eta harrokeriazko irudi bat agertu duela, eskaintza hori aldatu nahi ez izatearekin".
Bere iritziz, "ez da ulertzekoa euskarazko 228 lanpostu eta gaztelaniazko soilik 92 lanpostu dituen enplegu-eskaintza publiko bati eutsi nahi izatea"; izan ere, proposamen hori "Gobernuko bazkideek eta sindikatuek ere errefusatu baitute". Ukatu du enplegu-eskaintza publikoa "teknikoa" izatea, eta Gobernuak "formetan erabili duen alderdikeria" kritikatu du.