Publicada el Donnerstag, 28 de Januar de 2016

Onetsi da 2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea

Batzordean irizpena egin zaien 95 zuzenketak erantsitakoan, gastuen eta diru-sarreren egoera-orria 4.005.305.026 eurokoa da

Gaur egindako osoko bilkuran Nafarroako Parlamentuak 2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eman dute eta UPN, PSN eta PPNk aurkako botoa.


Legearen 1. artikuluan jasorik dagoenez, 2016korako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek, zeinetan 4.005.305.026 euroko kredituak bildu diren, atal hauek dituzte: Parlamentuaren, Kontuen Ganberaren eta Arartekoaren aurrekontua; Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aurrekontua; Nafarroako Kontseiluaren aurrekontua; Foru Komunitateko fundazio publikoen aurrekontuak; eta Foru Komunitateko sozietate publikoen aurrekontuak.


Osoko Bilkurak gaur onetsi duen legean jaso dira talde guztiek adostutako 4 in voce zuzenketak, gehi Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek batera sinatutakoa; zuzenketa horiek gehitu zaizkie Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordean aldez aurretik eztabaidatu eta irizpenean jaso diren 95 zuzenketei (horiek guztiak, bost izan ezik, Gobernua babesten duten lau taldeek soilik sinatu dituzte). Batzordean 485 zuzenketa aztertu dira urtarrilaren 18tik 22ra bitartean.


Gaurko osoko bilkuran egindako eztabaida bat etorri da UPN, PSN eta PPNk aurkeztutako 223 zuzenketei buruzkoarekin. Zuzenketa horiei gehitu behar izan zaizkie in voce aurkeztutako beste 14, talde guztiek adostutako 4, PPNren 6, PSNren 2, UPNren 1 eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek batera sinatutako beste bat.

UPNk eta PSNk aldeztutako 9 zuzenketak (hurrenez hurren 8 eta 1) eztabaidatu eta bozkatu ondoren –denak atzera bota dira Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren botoekin–, Osoko Bilkurak onetsi egin du 2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen testu artikuluduna. Aldeko botoa eman dute Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak, eta aurkako botoa, berriz, UPN, PSN eta PPNk.


Planteatu diren hiru in voce zuzenketetako bi jaso dira Osoko Bilkurak onetsitako testu artikuludunean, biak ere aho batez.


Lehenbizikoa talde eta elkarte guztiek sinatu dute; Batzordean San Kristobal gotorlekuko jarduketetarako onetsitako 10 euroko kontusaila “handi daitekeen” kontusail bihurtzen du.


Bigarrena Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak sinatu dute, eta aldatu egiten du PFEZari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren berrogeigarren xedapen gehigarria. Aldaketak 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko ditu ondorioak. Xedea da nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako jarduerak PFEZeko zenbatespen objektiboaren araubidetik kanpo ez uztea nahiz eta beren diru-sarreren %75 baino gehiago fakturatu Sozietateen gaineko Zergari buruzko 24/1996 Foru Legearen 28. artikuluan ezarritako moduan haiekin lotura izan dezaketen entitateei (normalean kooperatiba sozietateei). Nekazari edo abeltzain batek luzatzen duen faktura bakoitzak haren diru-sarreren eta, beraz, ordaindu beharreko zergaren zenbatekoa handitzen duenez, ez da beharrezkotzat jotzen "iruzur eta ihes fiskalaren aurkako borrokan sakontzeko" sortua den zenbatespen objektiboaren araubidea aplikatzea. Araubide horren bidez galarazi egin nahi da "lotutako pertsona edo entitateei fakturak luzatzea faktura horiengatik kenkaria aplikatu ahal izan dezaten, beste helbururik gabe".


Kooperatibetako bazkideak ere ez dira PFEZeko zenbatespen objektiboko araubidetik baztertuko kooperatiben administratzaile edo administratzaileen ahaide direnean, "kooperatibaren funtzionamenduak berak eskatzen baitu administratzaileak bazkide izatea, baina horregatik bazkide soilek baino erabakitzeko ahalmen handiagoa izan gabe".


Hirugarren in voce zuzenketa PSNk aurkeztu du, eta montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzkoa da. Atzera bota da Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin. Testuak 10/2003 Foru Legearen lehen xedapen gehigarria aldatzea proposatzen zuen, “kotizazioen konputuan Gizarte Segurantzarekiko elkarrekikotasunaren etena” saiheste aldera. UPNren eta PPNren babesa ez du aski izan.


Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Departamentuari dagokionez, UPNk eta PSNk bina zuzenketa aldeztu dituzte, eta ezetsi egin dira, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkako botoa emanda.


Beste horrenbeste gertatu zaio PPNko FPEk aurkeztutako in voce zuzenketari. Gastuak 33 milioi handitzea proposatzen zuen 2012ko aparteko paga itzultzeko. Aurreko kasuetan bezala, UPN, PSN eta PPNren botoak ez dira nahikoa izan.


Hezkuntza Departamentuari dagokionez, UPNk, PSNk eta PPNk aldeztutako zuzenketak (hurrenez hurren 20, 4 eta 19) ezetsi egin dira Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin. PPNren zuzenketen kasuan, PSNk aldeko botoa, aurkako botoa eta abstentzioa txandakatu ditu. Eta PSNren zuzenketen kasuan, UPNk abstentzioa eta aldeko botoa txandakatu ditu.


Bozkatu diren bi in voce zuzenketak ere baztertu egin dira. UPNk proposatzen zuen gastuei 600.000 euro gehitzea kontusail berri bat sortzeko, Sare itunduko irakasle eta gainerako langileentzako %1eko soldata igoera izenekoa, “sare itunduko eta ikastoletako langileen soldata sare publikokoa adinako portzentajean igo dadin”. PSN eta PPNren babesa ez da nahikoa izan, kontra agertu direlako Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra.


PSNk aurkeztutako in voce zuzenketak proposatzen zuen 25.000 euro gehiago jartzea Irakasleen prestakuntza atzerriko hizkuntzak ikasteko izeneko kontusailean. PPN baino ez da agertu alde, eta ezetsi egin da UPNren abstentzioarekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin.


Osasun Departamentuari dagokionez, UPNk, PSNk eta PPNk aldeztutako zuzenketak (hurrenez hurren 9, 1 eta 12) ezetsi egin dira, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkako botoa emanda. PPNren zuzenketen kasuan, PSNk aurkako botoa eta aldeko botoa txandakatu ditu.


Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari dagokionez, UPNk, PSNk eta PPNk aldeztutako zuzenketak (hurrenez hurren 18, 6 eta 16) ezetsi egin dira Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin, gutxienez ere.


Garapen Ekonomikoko Departamentuan, UPNk, PSNk eta PPNk aldeztutako zuzenketak (hurrenez hurren 11, 9 eta 14) ezetsi egin dira, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkako botoa emanda.

Gizarte Eskubideen Departamentuan, UPNk, PSNk eta PPNk aldeztutako zuzenketak (hurrenez hurren 23, 7 eta 11) ezetsi egin dira, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkako botoa emanda.


Aldiz, onartu egin dira, aho batez, talde guztiek eskatuta aurkeztu diren hiru in voce zuzenketak, Mendebaldeko Saharari laguntzeko kontusailen izena egokitzea helburu dutenak.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuan, UPNk eta PSNk aldeztutako zuzenketak (hurrenez hurren 18, eta 1) ezetsi egin dira, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkako botoa emanda.


Era berean baztertu egin dira PPNk proposatu dituen bost in voce zuzenketak. Horietan guztietan Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkako botoa eman dute, PSN abstenitu egin da eta UPN eta PPN alde agertu dira.


In voce horietako lehenengoak proposatzen zuen gastuei 25.000 euro gehitzea “Nafarroan tradizioa den Vianako Printzea Sarirako behar adinako zenbatekoa mantentzeko”.


Bigarren in voce zuzenketak 110.000 euroko gastu gehikuntza proposatzen zuen “Tuterako Gaztambide antzokiko kultur programaziorako diru-laguntza emateko”.


Hirugarren in voce zuzenketak gastuei 40.000 euro gehitzea proposatzen zuen kontusail berri bat sortzeko, María Forcada fundazioarekiko hitzarmena izenekoa, “Tuteran eta Erriberan kultur jarduera sustatze aldera”.


Laugarren in voce zuzenketak 15.000 euroko gastu gehikuntza eskatzen zuen Tuterako Zinemaldiari diru-laguntza emateko, “eragin handia baitu nazio mailan”.


Bosgarren eta azken in voce zuzenketak 45.000 euroko gastu gehikuntza eskatzen zuen Nafarroako Unibertsitatea Museoaren kultur sustapenerako laguntza izeneko kontusail berria sortzeko, “kultur jarduera eta sustapena bultzatze aldera”.


Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuan, UPNk eta PPNk aldeztutako zuzenketak (hurrenez hurren 12 eta 2) ezetsi egin dira Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin eta, UPNren zuzenketen kasuan, PSNren abstentzioarekin.


Eztabaida amaitu ondoren, zuzendu ez diren kontusail guztiak balidatutakoan, bozketa egin da eta behin betiko onetsi da 2016rako Aurrekontuei buruzko Foru Lege Proiektua.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 37. zk., 2015-12-02koa)
• Irizpena (1. eranskina)