Publicada el Donnerstag, 11 de Februar de 2016

Parlamentuak aintzat hartzen du Josefina Arregui klinikaren garrantzia

Osasun mentaleko "erreferentziako zentroa" izateagatik Gobernuari hura sare publikoan sar dezala eskatzeko proposamenak ez du aurrera egin

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen batean, legebiltzarrak “aintzat hartzen du Altsasuko Josefina Arregui Klinika Psikogeriatrikoak Adimen Osasunaren sarean erreferentzia zentro gisa daukan garrantzia, eta bertan ematen den zerbitzua balioesten du, zerbitzu publiko ezinbestekotzat jotzen duelarik”.


Mozioak bazuen bigarren puntu bat, UPN eta PPNren aurkako botoekin eta Geroa Bai eta PSNren abstentzioekin baztertu dena. Puntu horrek foru gobernua premiatzen zuen “Altsasuko Josefina Arregui Klinika Psikogeriatrikoa zentro kontzertatua izatetik publiko izatera pasatzeko aukera azter dezan; Osasunbideko sare publikoan sartzeko aukera, alegia. Azterketa horrek irizpide juridiko, ekonomiko eta osasungintzaren planteamendu estrategikoari dagozkionak aintzat hartu beharko lituzke, bai eta eman beharreko urratsak ere. Aipatu azterketa Parlamentuan aurkeztuko du Gobernuak hiru hilabeteren buruan”.


EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek emandako aldeko 17 botoak ez dira aski izan, UPN eta PPNk aurkako 17 boto eman baitituzte. Izan ere, berdinketa gertatuz gero ekimenak ez du aurrera egiten.


EH Bildu parlamentu-taldeak sustatutako ebazpen horrek zioen azalpenean adierazten duenez, Josefina Arregui klinika ezinbesteko baliabidea da adimen osasunaren arloan, eta hainbat familiak eskura duten soluzio bakarra da.


Gaur egun “kontzertu bidezko finantziazioa dauka, eta ospitaleratze unitatean 170 euroko kontzertua dute ohe bakoitzeko. Horrek larri betetzen ditu gastuak, eta nekez bermatzen du bere bideragarritasuna. Hain zuzen, finantziazio murritzaren ondorioak langileek pairatzen dituzte, beren lan baldintzak gero eta eskasagoak baitira, 2011ko murrizketatik aurrera bereziki. Horrekin batera, lan batzuk aurrera ateratzeko bolondresen lana behar izaten dute”.


Horiek horrela, proposamen-egileak Gobernu Akordio Programatikoa dakar gogora, bertan “osasungintza publikoaren aldeko apustu garbia” egin baita, jarrera irmoa hartuz, zehazki, “pribatizatuta dauden zerbitzuak berriro ere kudeaketa publikoaren esku uztearen, entitate pribatuekiko itun eta hitzarmenak aztertzearen eta buruko osasuneko sareak ematen duen arreta-maila optimizatzearen alde”.


Altsasuko Josefina Arregui Klinika Psikogeriatrikoa erreferentziako zentroa da Nafarroako Osasun Mentaleko Sarean, bereziki Alzheimerren gaitzaren arloan. Nahasmendu mental organikoak dituzten adineko pertsonen diagnostikoa, tratamendua eta errehabilitazioa egitea du helburu nagusia. Batez ere, minusbaliotasuna edo ezintasun iraunkorra eragiten duten dementziak tratatzen ditu. Felipe Lecea Fundazioak zuzentzen du klinika. Ongintza eta gizarte erakundea da, irabazi-asmorik gabekoa. 1993an eratu zen, eta interes orokorreko helburua du.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (13. NPAO, 2016-02-05ekoa)