Nafarroako Parlamentuak harrera egin dio Euroganberako ordezkaritza bati
Ainhoa Aznarezek "Parlamentuko gehiengoaren babesa agertu die hainbeste pairatu duen gizarte batean bakearen eta bizikidetzaren alde egiten duzuen lanerako"
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak, gaur harrera egin dio Tatjana Zdanok (Berdeak) eta Martina Anderson (GUE) europarlamentariek osatutako ordezkaritzari. Egunotan EAEra eta Nafarroara bisita ofiziala egiten ari diren zazpi europar parlamentarietako bi dira. Parlamentari talde horrek txostena egin behar du “Nazioarteko Zuzenbidearen balizko urratzeei buruz, presoak sakabanatzen dituen espetxe-politika dela eta”.
Parlamentuko erakunde-aretoan egin den ekitaldian, Ainhoa Aznarez Euroganberako ordezkariei mintzatu zaie, Mahaiko kide batzuen eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeetako ordezkarien aurrean. “Nafarroako Parlamentuko gehiengoaren babesa duzue bakearen eta bizikidetzaren aldeko zuen eginkizun horretan. Ulertzen dut eginkizun horrengatik eta gogo horrengatik zaudetela legebiltzar honetan”.
Esandakoaren haritik, Parlamentuko lehendakariak hau baieztatu du: “bakeak pertsona guztien duintasunaren eta oinarrizko giza eskubideen erabateko errespetua izan behar du oinarri. Parlamentu honek hainbat aldiz aldarrikatu du borondate hori, eta konpromiso bilakatu da, indarkeria helburu politikoetarako erabiltzearen gaitzespena, nornahik ere erabiltzen duela, ETAk, eskuin muturreko taldeek, Estatuko funtzionarioek edo beste edozeinek”.
Amaitzeko, Ainhoa Aznarezek esan du nahiko lukeela Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Batzordearekin egin beharreko bilera emankorra izatea, “beste urrats bat bizikidetza baketsua lortzeko bidean, hainbeste pairatu duen gizarte honen baitan”.
Martina Andersonek (GUE), bestalde, egin dieten harrera eskertu du eta bisita honetan hainbat iturrirekin hitz egin nahi dutela zehaztu du, “ea, Europako Parlamentuan 2015eko martxoan Etxeraten ordezkariek azaldu ziguten bezala, Nazioarteko Zuzenbidea urratzen ari ote den, sakabanatze politikaren ondorioz presoek eta beren familiek jasotzen duten tratua dela eta”.
Horren harira, Etxeratekin Bruselan izan zuten bilera hura gogoan, eurodiputatu irlandarrak esan du “oso kezkatuta” irten zirela. “Presoen egintzek ez dituzte zertan familiak zipriztindu. Presoa izandakoa naiz, espetxean 13 urte eta erdi eman nituen, horietatik 10 Ingalaterran. Senide eta lagunek bidaia egin behar izaten zuten ni ikusteko. Hori izugarrizko kolpea da, kondenatuaren hurbilekoei ezartzen zaien zigor kolektiboa, batzuetan errepidean hiltzerainokoa. 16 hil dira kasu honetan, esan didatenez”.
Erakunde-aretoan egindako harrera ofizialean izan dira Unai Hualde eta Maiorga Ramírez Parlamentuko Mahaiko kideak, Koldo Martínez (Geroa Bai parlamentu-taldea), Adolfo Araiz, Bakartxo Ruiz (EH Bildu parlamentu-taldea), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea) eta Eduardo Santos Podemoseko diputatua.
Europako Parlamentuko ordezkari taldea egunotan bisita egiten ari da Nafarroara eta EAEra, Etxerat euskal preso eta erbesteratuen senide eta lagunen elkartearen gonbidapenari erantzunez, “Zigorrak osorik eta eraginkortasunez betearazteko neurriei buruzko ekainaren 30eko 7/2003 Lege Organikoak ezarritako espetxe-araubidean giza eskubideak urratzen ari ote diren egiaztatzeko eta ebaluatzeko asmotan”.
Ildo horretatik bi eurodiputatuek eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Batzordeko kideek lan bilera egin dute eta bertan gai hauek jorratu dituzte: sakabanatze politika, gaixotasun larria duten presoen egoera, 2008/675/JBA Esparru Erabakiaren eta Europar Batasunean zigor arloko ebazpen judizialak aintzat hartzeari buruzko 7/2014 Lege Organikoaren aplikazioa, eta askatasunerako eskubidearen eta legezkotasun printzipioaren balizko urratzeak”.
Nafarroan eta EAEn hilaren 14tik 16ra bitartean programatuta dauden bileretan biltzen duten informazioaren bidez, Europako Parlamentuko ordezkariek jorratutako gaiei buruzko “ondorioen gaineko txostena” eginen dute.
Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Batzordearekin egindako lan bileran izan dira Koldo Martínez, María Solana (Geroa Bai parlamentu-taldea), Adolfo Araiz, Bakartxo Ruiz (EH Bildu parlamentu-taldea), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) eta Marisa de Simón (I-E foru parlamentarien elkartea).
UPN, PSN eta PPNko parlamentariek ezetza eman diote parte hartzeko gonbidapenari.