Publicada el Donnerstag, 25 de Februar de 2016

Toki inbertsioetarako indarreko plana antolatu eta sustatzeko neurriei buruzko Foru Legea onetsi da

Inbertsio proiektu askoren moteltzea edo are gelditzea eta horrek aurrekontuari buruzko aurreikuspenak egiterakoan sortzen dituen oztopoak saihestea du helburu

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi du Toki inbertsioetarako indarreko plana antolatu eta sustatzeko neurriei buruzko Foru Legea.


Legearen xedea da, toki inbertsioetarako plan berria egin aurreko urrats gisa, arloari buruzko arauak “argitu eta erraztea”, inbertsio proiektu asko “motelarazi eta are geldiarazi” egin baitituzte eta ondorioz zailtasunak sortu baitira “aurrekontuaz zentzuzko aurreikuspenak” egiteko garaian.


Horretarako, “luzatu den eta neurri batean egungo beharrekin bat ez datorren” araudi bati jarraikiz konpromisoak hartzen ez segitzeko, ez da eskaera gehiago onartuko presako prozeduraren bidez. Hori bai, larrialdiko obrei dagozkien eskaerak onartzen jarraituko da legeak indarra hartutakoan ere. Halaber, toki erakundeek obren hasierako baimenak eskatzen segitu ahal izanen dute, obra horiek “toki inbertsioetarako etorkizuneko planetan” sartzeko aukera izan dadin.


“Arau sorta konplexuak” eta “aurrekontuen arloko egonkortasunari buruzko legeria” berriak sortutako kudeaketa arazoei dagokienez, legeak zehaztu egiten ditu definitu gabe dauden edo irekiegiak diren epe batzuk; exekuzio proiektuetan edota bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioaren egiaztapenetan dauden akatsak zuzentzeko izapideak eta epeak ezartzen ditu; eta bideragarritasun azterketa hasiera batean negatiboa bada baliatu ahal izanen diren aukerak planteatzen ditu.


Gainera, obrak hasteko zentzuzko epeak ezartzen dira, bai eta balizko salbuespenak ere, behar bezala frogatu beharreko interes publikoko arrazoiak tartean direnean. Horiek zehaztean, kontuan hartu da Toki Inbertsioen egungo Planaren luzapenean presako prozeduraren bidez sartutako inbertsioei “lehentasuna” eman zitzaiela “irizpide tekniko batzuetan” oinarrituta.


Obrak hasi eta amaitzeagatiko ordainketak eskatzeko epeei eta betebeharrei dagokienez, aski izanen da obra aurreikusitako erabilera publikorako entregatu daitekeela ziurtatzen duen harrera-akta aurkeztea, “enpresa kontratistaren adostasunik egon gabe ere”.


Azkenik, akatsak zuzentzeko errekerimenduei osotara erantzuten ez zaienean, egindako obraren edo obra zatiaren ikuskapena egin ahal izanen da, aurreikusitako erabilera publikorako erabil ote daitekeen erabakitzeko. Baiezkoan, lan horien kostua ordainduko da.


Azken bi neurri horiekin arrisku zehatz bati aurrea hartzen zaio; hain zuzen ere, obra egin duen enpresak, desadostasunak konpontzeko legez ezarritako bideetara jo beharrean, adostasuna adierazteari uko egiteko tentazioa izan dezake, presio neurri gisa.


2012tik luzatuta dagoen toki inbertsioetarako planaren bitartez, Nafarroako Gobernuak udal eta kontzejuen inbertsioen (azpiegiturak, sareak berritu eta saneatzea, kaleak zolatzea...) finantzaketan parte hartzen du. Gastu arruntak Toki Ogasunen Funtsaren bidez finantzatzen dira.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru lege proiektua (11. NPAO, 2016-02-02koa)
• Zuzenketak (23. NPAO, 2016-02-23koa)
• Irizpena (24. NPAO, 2016-02-24koa)