Parlamentuak aintzat hartzen ditu hizkuntza politikari buruzko Europako gomendioak
Nahiz eta kasu honetan justiziaren, zerbitzu publikoen eta hezkuntzaren alorretakoak izan,hizkuntza berekiak babestu eta sustatzeko politika orokorretan sarturik daude
Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen ebazpen batean, Parlamentuak “aintzat hartzen ditu Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak eta Adituen Batzordeak Estatuen hizkuntza politikari buruzko ebaluazio-txostenean egindako gomendio guztiak”.
Onetsitako ebazpen horren bigarren puntuan UPN, PSN eta PPNk aurka bozkatu dute. Puntu horretan Foru Parlamentuak “dei egiten dio Nafarroako Gobernuari, orain arte Espainiako Estatuak Eurokarta betetzeko egin duen ahalegin ezdeusa ikusita, Estatuko Gobernuari eska diezaion, irmotasun osoz, hari dagozkion neurriak bete ditzan”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eman dute.
Era berean, eta babes berekin, Nafarroako Gobernuari dei egiten zaio “bere eskumenekoak diren alorretan, eta bereziki osasun zerbitzuetan eta hezkuntzan, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak eta Adituen Batzordeak emandako gomendioak betetzeko neurriak har ditzan”.
EH Bildu parlamentu-taldeak sustatutako ebazpenaren zioen azalpenean azpimarratu egiten dira justiziaren, zerbitzu publikoen eta hezkuntzaren alorretan egindako gomendioak.
Lehenbiziko alorrari dagokionez, herritarrek justizia administrazioarekin euskaraz egiteko duten eskubidea gauza dadin eskatzen da, esparru juridikoaren aldaketa planteatzen da eta “hizkuntza ezagutzen duten langileen proportzio egokia bermatzea” iradokitzen da. Beste horrenbeste eskatzen da zerbitzu publikoetarako eta, oro har, Estatuko Administraziorako, eta horietan “hizkuntza koofizialen presentzia ziurtatzeko” neurriak har daitezela eskatzen da.
Eta hezkuntzaren alorrean, hezkuntza hirueleduna “ez dadila izan tokiko hizkuntzen babesaren eta sustapenaren kalterako” gomendatzen da.
Horren harira hau baieztatzen da: “Nafarroan gertatu den aldaketa politikoaren eta instituzionalaren ondorioz, hizkuntza politikak beste norabide bat hartu du, eta orain arte euskara bazterrean uzteko eta ikusezin bihurtzeko ahalegina zena, herritarron hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioa laguntzeko ahalegin bihurtu behar da”.
• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (16. NPAO, 2016-02-12koa)