Publicada el Donnerstag, 21 de April de 2016

Premiatzen da bakearen kultura eta gatazken indarkeriarik gabeko kudeaketa sustatzea

Justizia konpontzailearen aldeko apustua egiten da; izan ere, prozedura honen bidez biktimak eta arau-hausleak elkarrekin hartzen dute parte ebazpenean, bitartekari jarduten duen pertsona baten laguntzarekin

Parlamentuaren Osoko Bilkurak, gaur aho batez onetsi duen ebazpen batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “Bakearen kultura eta gatazken indarkeriarik gabeko kudeaketa susta ditzan, delituak egiteari aurre hartzeko eskura dituen baliabide guztien bidez”.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntuan Foru Gobernua premiatzen du “bitartekaritza-zereginean eragiten duten arauak egin ditzan, eta halaber bitartekarien erregistro publiko bat ezar dezan, aipatu zereginean nork jardun dezakeen, eta zer baldintzatan, argituko duena”.

Halaber, UPNren abstentzioarekin, honako hau ere eskatzen zaio Nafarroako Gobernuari: “Gaur egungo zigor arloko bitartekaritza gainerako jurisdikzioetara heda dezan, eta bereziki susta ditzan bitartekaritza zibila eta merkataritzakoa, jurisdikzio guztiek pareko zerbitzua eta koherentea eman diezaieten herritarrei”. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk, PSNek eta I-Ek aldeko botoa berretsi dute.

“Arlo estrajudiziala” hizpide hartuta, Foru Gobernuari eskatzen zaio “eskola-bitartekaritzako programak heda eta susta ditzan, eta udalerriekin bitartekaritza komunitarioko programa pilotuak koordina ditzan”.

Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak bultzatutako ebazpenaren zioen azalpenean justizia konpontzailea deritzona aipatzen da (Nafarroan 2007az gero abian da gatazkak konpontzeko prozedura honetaz baliatzen den programa aitzindaria) eta Gobernuari eskatzen zaio aurrera egin dezala gatazkak gainditzeko biktimak eta arau-hausleak elkarrekin, normalean bitartekari baten laguntzarekin, parte hartzen duten bide honetan.

Horren ildotik, eta Europak emandako gidalerroekin bat etorriz, proposatzaileen ustez prozedura hori “erantzun judizialak indibidualizatzeko tresna erabilgarria da, aukera ere eskuratzen duena antolamendu juridiko onberago baten moduan agertzeko; gainera, berari esker prebentzioa hobetzen da, akusatuak biktimarekiko eta erkidegoarekiko dituzten betebeharrekin konprometitzen dira, eta prozesuak azkartzen dira”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (49. NPAO, 2016-04-08koa)