Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio 2012ko aparteko ordainsaritik falta dena ordain dezala
Urrian onetsitako erabakia gogorarazi du, eta Foru Komunitateko langile publikoak Estatuko ordainketaren ondoren besteak baino okerrago daudela deitoratu du
Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta Geroa Bai, EH Bildu eta I-Eren aurkako botoekin, Nafarroako Gobernuari honako hau eskatzen dion erabakia onetsi du: “2012an kendutako aparteko ordainsaritik falta dena aurtengo uztailaren 1a baino lehen ordain dezan, Nafarroako enplegatu publikoak beste administrazio publiko batzuetakoak baino baldintza okerragoetan ez jartzeko”.
UPN parlamentu-taldeak sustatutako erabakiak zioen azalpenean gogora dakar iragan urriaren 8an onetsitako erabakia. Bertan eskatu zen aparteko soldatatik ordaintzeko dagoen zati hori ordain dadila Espainiako Gobernuak hala egiten duen unean, diru-sarreren bilakaerak horretarako bidea ematen badu, 2016rako Aurrekontuei buruzko Legean jasota dagoen bezala.
Proposatzailearen iritziz, Espainiako Gobernuak iragarri baitu langileek apirilari dagokion nominan berreskuratuko dutela 2012an kendutako ordainsaritik falta den zatia, Foru Komunitateko langileak “egoera okerragoan geratuko dira; halakorik ez da Nafarroan inoiz gertatu eta onartezina da, are gehiago Ogasuneko kontseilariari entzun ondoren diru-bilketa ongi doala”.
www.parlamentodenavarra.es
Mozioa (59. NPAO, 2016-04-29koa)