Publicada el Donnerstag, 9 de Juni de 2016

Gobernuak Estatuari egotzi dio AHTa geldiaraztea, eta esan du UPNk hiru urtean euro bat ere ez zuela lizitatu

UPNren jabeldura bati erantzunez, zeinak aurreko Gobernuaren lana defendatzen baitu eta oraingoari egozten baitio "ezer ez egitea, bere kideek ez dutelako sinesten obra horretan"

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik baieztatu du Gobernu zentrala izan zela abiadura handiko trenbidearen eraikuntza "geldiarazi" zuena, eta UNPko Gobernuak ezin izan zuela "azpiegitura horretarako euro bat ere lizitatu ez 2013an, ez 2014an, ez 2015ean".


Lehendakariordeak, kontroleko osoko bilkuran, horrela erantzun dio UPNk gai horri buruz egindako jabeldurari. Aldez aurretik alderdi erregionalistak leporatu dio azpiegitura hori "geldiaraztea", Euskal Autonomia Erkidegoa hura bultzatzen ari den bitartean.


Manu Ayerdik esan duenez, UPNren akusazioak "sinesgarritasun izpi bat izateko, azken hiru urteetara begira jarri eta aurreko Gobernuak egindako obra mordoa ikusi beharko genuke. Zenbat obra egin zuen Gobernu horrek, ordea? Egitateak begi-bistakoak dira eta datuak oso argiak. UPNk ezin izan zuen euro bat ere lizitatu azpiegitura horretarako, ez 2013an, ez 2014an, ez 2015ean. Edo pentsatu behar dut UPNk geldiarazi zuela obra? Uste dut zuek nahi bai, baina ezin izan zenutela egin. Horregatik Nafarroarekin desleialak ote zarete? Oraingo Gobernuagatik esan dutena lotsagabekeria da", gehitu du.


Ondoren, lehendakariordeak adierazi du Nafarroako Gobernuaren apustua dela "Kantauri-Mediterraneo arteko korridorea, Iruñean zehar, inolako zalantzarik gabe, eta Europako oinarrizko sarean sartuta, bidaiariak nahiz salgaiak garraiatzeko, nazioarteko estandarrak betez. Horra Estatuko Gobernuari zuzendutako mezua. Horixe nahi dugu eta lehenbailehen nahi dugu", berretsi du.


Azpiegitura hori garatzeko, Foru Gobernuak hitzarmen berria egin nahi du Estatuarekin, "jarduketa osoa jaso behar duena, euskal Y-tik Zaragozaraino".


Ayerdik esan duenez, Adifek kalkulatu du aurtengo bigarren seihilekoan onartu ahal izanen dituela geldirik egon diren oinarrizko proiektuak, eta 2017ko lehen seihilekoan onar litzakeela eraikuntza-proiektuak, lizitaziora jotzeko aukera ematen dutenak. "Hori horrela balitz, obrak lizitatu ahal izanen lirateke 2017aren amaiera edo 2018aren hasiera aldean", aurreratu du.


Gainera, lehendakariorde ekonomikoaren esanetan "Adif guztiz deseroso dago sinatutako hitzarmenarekin, bere gain hartu behar duelako berari ez dagokion kostu bat, obren BEZa, alegia. Hor dago arazoaren gakoa", esan du.


Carlos García Adanerok (UPN parlamentu-taldea) adierazi duenez, "duela ehun urteko oker bera eginen dugu, hau da, trena Zuastitik pasatu ordez Miranda de Ebrotik pasatzea. Oso larria da eta horixe ari dira egiten", esan du, eta inbertsioa geldirik dagoela kritikatu du. "Egin dezala trenbidea Bilboko alkateak, hark bai nahi duela egin, eta diru guztia bertara. Estatuari esaten badiogu ez egiteko inbertsio bat Nafarroan, Estatua poz-pozik".


García Adanerok galdetu du "zergatik Bilborentzat ona dena, PNVk esana, Nafarroarentzat txarra den, PNVk esana. Hori da gobernu-ekintza osoaren ideia. Arazoa da Euskadirentzat ona dena Nafarroarentzat txarra dela eta Gobernuak azpiegitura hori geldiarazi nahi duela eta geldiarazi egin duela", kritikatu du, eta gehitu du Gobernuko kideek ez dutela "obra horretan sinesten".


Gainera, UPNko eledunak baieztatu duenez, aurreko Gobernuarekin "inbertsioa egin da eta ez da obra geldiarazi", eta Estatuak "dirua itzuli behar badigu, aurretik gastua egin delako izanen da".


Jokin Castiella (Geroa Bai parlamentu-taldea) Kantauri-Mediterraneo arteko ardatza Nafarroatik igarotzearen alde agertu da. "Hori ezbairik gabekoa da eta ez gaude prest azpiegitura horri uko egiteko. Bat gatoz kontseilariak esandakoarekin, areago, disfrutatu egin dugu ikusiz nola aritu den UPNri ematen hark gezur edo sasiegien azpian gorde eta ezkutatu nahi izan dituen datu guztiak".


Adolfo Araizek (EH Bildu parlamentu-taldea) berriz ere adierazi du bere taldea prestazio handiko trenbidearen "aurka" dagoela, "zalantzarik gabe. Kontra gaude eta kontra jarraituko dugu. Badira arrazoi ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak kontra egoteko, eta badira beste aukera merkeago batzuk, esaterako hirugarren erreia", zehaztu du.


Rubén Velascok (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) azaldu duenez, "Europan ez dute Kantauri-Mediterraneo arteko ardatza lehenesten, eta Estatuak, BEZarekin tematuz, aitzakiak jartzen ditu interesatzen ez zaion korridore bat gainetik kentzeko. Trenbideen arloko politikaren gaineko eztabaidan kostuari eta egokitasunari erreparatu behar zaie. Planteatu behar da ea osasun zerbitzuetan itxarote-zerrenda laburtu behar den edo Cadreitan ehunka metro plataforma eraiki behar den", erantsi du.


Santos Cerdanek (PSN parlamentu-taldea) "atzera begiratzeari" uzteko eskatu dio Foru Gobernuari, "bai baitakigu nolako herentzia utzi digun UPNk", eta "etorkizunari begira" jartzeko eskatu dio. Ez dakit UPNk ez zuen nahi izan, ezin izan zuen edo ez zioten utzi, kezkatzen gaituena da ez dakidala zer eginen duen oraingo Gobernuak. Azpiegitura hau dela eta Gobernuak jarrera argirik ez izateak kezkatzen gaitu", gehitu du, eta bere taldea obra garatzearen alde dagoela adierazi du.


Javier Garciak (PPN foru parlamentarien elkartea) esan duenez, "eginahalak eginda ere Ayerdik ezin izanen du saldu ez dabilen motoa. Zuk prestazio handiko trenarekin konpromisorik ez badaukazu, ez egotzi errurik Gobernu zentralari, argi erakutsi baitu Nafarroarekin daukan konpromisoa. Gaur-gaurkoz, zuk, Gobernuak eta Gobernuko kideek geldiarazi duzue trenbidea", erantsi du.


Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkartea) azaldu duenez, "kontua da ez dakigula zer eginen duen Estatuak, ez dakigu zein izanen den eredua, hogeita hamar, berrogeita hamar edo ehun urte, eta ez daukagu argi Estatuak ordainduko ote duen orain arte gastatu duguna". Azpiegitura horren inguruko zalantzak argitu arte, "Alvia trenen maiztasuna handitu eta egungo trenbide begiztaren arriskuak murriztearen alde" agertu da De Simón.