Publicada el Montag, 24 de Oktober de 2016

Parlamentuak Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida eginen du urriaren 27an eta 28an

Igorri den komunikazioaren arabera, ardatz izanen ditu zerga-erreforma, gizarte-eskubideen blindatzea, enpleguaren bultzada eta zerbitzu publikoen hobekuntza

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, heldu den urriaren 27an eta 28an, Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida eginen du.

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrak onetsitako arauei jarraituz, eztabaida urriaren 27an (osteguna) eginen da, eta 09:30ean hasiko da, Gobernuko lehendakariaren hitzaldiarekin. Hitzaldi hori amaitzen denean ordu erdiko etenaldia eginen da bilkuran.

Etenaldiaren ondoren, parlamentu-taldeen eta parlamentari-elkarteen eledunak mintzatuko dira, gehienez ere 30 minutuz, eta handienetik txikienerako hurrenkeran. Oposizioko alderdiak izanen dira lehenak, UPN, PSN eta PNN alegia; gero Gobernua babesten duten taldeak arituko dira: Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal dugu eta, azkenik, I-E.

Azalpen horiek bukatu ondoren, Gobernuko lehendakariak erantzun eginen die. Jarraian kontraerantzunen txanda etorriko da, gehienez 10 minutukoa, eta, azkenik, berriro jardunen du Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek.

Eztabaida amaitu eta gero, 15 minutuko epea hasiko da parlamentu-taldeek eta parlamentari-elkarteek Mahaiari erabaki-proposamenak aurkezteko, bost proposamen gehienez.

Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidak ostiralean jarraituko du, urriak 28, 09:30etik aurrera. Mahaiak onartutako proposamenak eztabaidatuko dira saio horretan. Erabaki-proposamenak eztabaidatzeko hurrenkera bezperako hitzaldiena bera izanen da, hots, handienetik txikienera. Lehendabizi oposizioko blokea arituko da, eta gero Gobernua babesten duten alderdiena.

Parlamentu-talde bakoitzak bere proposamenen defentsa bateratua eginen du, 10 minutuz, gehienez ere. Ondoren aldeko eta aurkako hitzaldietarako txanda eta erantzuteko txanda hasiko dira (biak 5 minutukoak), eta berriz ere taldeek eta elkarteek eztabaidan izandako hurrenkerari eutsiko diote.

Eztabaida amaituta, talde bakoitzaren erabaki-proposamenak bereiz bozkatuko dira.

• Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 200.1 artikuluak ezartzen duenez, legegintza-urtearen lehendabiziko bilkuraldiaren hasieran, Gobernuko lehendakariaren inbestidura-eztabaida egiten denean edo bilkuraldi horretan Nafarroako hauteskundeak egin behar direnean izan ezik, Osoko Bilkura berezia eginen da Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida egiteko.

Manu berak dioenez, eztabaidarako deialdia egin aurretik, irailaren lehenbiziko hamabost egun baliodunen barrenean, Nafarroako Gobernuak Parlamentuari igorri ahalko dio horri buruzko komunikazio bat.

Igorri den komunikazioaren arabera, Gobernuko lehendakariak, bere hasierako mintzaldian, Gobernu berriak hasitako “lehentasunen aldaketaren” nondik norakoak azalduko ditu. “Jarduteko tarte estua dugu, zorraren pisua eta, oro har, jarauntsitako konpromisoak direla-eta; hala ere, kolektibo behartsuenen gizarte-eskubideak bermatu nahi ditugu, enpleguari bultzada eman, eta osasun nahiz hezkuntza arloetako zerbitzu publikoen kalitatea hobetu”.

Horiek horrela, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sustatutako “errelebo instituzional sakon bezain barearen” azpian dagoen “ituntzeko gaitasuna” defendatuko du Uxue Barkosek, eta hasitako zerga-erreformaren balioa nabarmenduko du. “Gabezia finantzario nabarmeneko” unean ekin zaio erreforma horri, “Estatuarentzako ekarpena handitu egin delako”, beste arrazoi batzuen artean, eta arazo horri “lehenbailehen heldu behar zaio”, Estatuko Gobernuaren “behin-behinekotasun egoera luzea” ebatzi bezain laster.

UPN, PSN eta PPN parlamentu-taldeak, bestalde, saiatuko dira ezbaian jartzen Gobernuaren jardunaren sendotasun eta egonkortasun irudia, zeina, Gobernuko lehendakariaren esanetan, “indar politiko guztien ekarpenetarako irekita” baitago.

· www.nafarroakoparlamentua.eus
· (75. NPAO, 2012-09-25ekoa)