Publicada el Donnerstag, 29 de September de 2016

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Erosketa Publiko Berritzailearen prozedurak ezar ditzan

Arriskuaren parte bat bere gain hartu behar badu ere, horrelako inbertsioak eginda berrikuntzarako eta garapen teknologikorako prozesuak sustatuko dituelako

Parlamentuak, gaurko Osoko Bilkuran, erabaki bat onartu du non Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Erosketa Publiko Berritzailea kontratatzeko eta adjudikatzeko prozedurak erabakitasunez ezar ditzan, halako moldez non Nafarroa lizitazio mota horren abangoardian kokatuko baita Europa mailan”.

PSN parlamentu-taldeak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean gogora ekartzen dira Kontratu Publikoei buruzko 2007ko Legea, Ekonomia Iraunkorrari buruzko Legea eta, jada Europa mailan, FEDER funtsak eskuratzeko erraztasunak, eta eskatzen da Nafarroan ere apustu egin dadila Erosketa Publiko Berritzailearen alde. “Ikerketa- eta garapen-prozesuak abiaraztea sustatzen duen inbertsio hori ez da egituratu, objektibatu edo kontuan hartu, 2014ko abuztuan Nafarroako Gobernuak iragarri zuenetik erosketa publikoko eredu berri bati bultzada ematea, enpresetan berrikuntza sustatzeko”.

Zehazten denez, bai Merkaturatu aurreko Erosketa Publikoan, merkatura iristetik oso urrun dagoen zerbitzu edo produktu bat kontratatzen den horretan, bai Teknologia Berritzailearen Erosketa Publikoan, non Administrazioak prototipo-bezeroa izatea onartzen baitu, Erosketa Publiko Berritzailearen ezaugarria da “gobernuek arriskuaren parte bat hartzea beren gain, baina beren lurraldeko I+G+Bari laguntzen diote zirt edo zart”.

Proposatzaileak azpimarratzen duenez, Erosketa Publiko Berritzailea, gainera, finantzaketa mekanismo bat da, “enpresek merkatuko beharrizanei aurrea hartzeko balio duena, eta hartara teknologia-transferentziarako bidea da, herritarren, enpresen, administrazioaren, unibertsitateen eta prestakuntza-zentroen artean”.

Horiek horrela, Europan 2020rako helburua zein den azaltzen da: lizitazio publikoaren % 3 egitea Kontratazio Publiko Berritzailearen arabera. Gaur egun lizitazio publikoa BPGd-aren % 19 da Europan, eta puntu erdi gutxiago Espainian.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (56. NPAO, 2016-04-22koa)