Publicada el Donnerstag, 3 de November de 2016

Parlamentuak etxegabetze prozesuen biktimei laguntza psikosoziala emateko estrategia sor dezan premiatzen du Nafarroako Gobernua

Larritasun handiko bizi esperientzia delako, ondorio iraunkorrak dituena buru-osasunean, suizidatzeko arriskua barne

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi duen erabaki batek Nafarroako Gobernua premiatzen du “laguntza psikosozialeko estrategia bat ezar dezan, hipoteka-betearazpeneko edo alokairua ez ordaintzeagatiko prozesuek ukitutako pertsonek pairatzen dituzten kalteen prebentzioa eta murrizketa eta pertsona horientzako babesa jasoko dituena, bizi diren tokia edozein izanik ere; halaber, arreta psikologikoko programa egoki bat abiaraz dezan, pertsona horiei arreta emateko behar adinako estaldura izanen duena”. EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek erabakiaren alde bozkatu dute, eta UPN, Geroa Bai eta PPN abstenitu egin dira.


Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, bestalde, Parlamentuak Foru Gobernuari eskatzen dio “arreta psikosozialeko protokolo bat sor dezan utzarazpen prozesuen biktima diren pertsonentzat, halako moduan non tresnak emanen baitzaizkie osasun arloko profesionalei —bereziki, lehen arretakoei—, kasu horietan jarduteko”.


Jada hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “adingabeak beren kargu dituzten familien arrisku-egoera edo gizarte-larrialdiren bat detektatzen denean berehala toki erakundeen mendeko gizarte zerbitzuak jakitun jarriko direla berma dezan, esku-hartze integral egokia egiteko, utzarazpen arazoek ukitutako familietako adingabe horiei arreta emateko berariazko programa baten bidez”.


Gainera, Foru Gobernuari eskatzen zaio “Osasunbidea - Nafarroako Osasun Zerbitzuan zaintza programa bat abiaraz dezan, Osasun Departamentuak diseinatua, toki erakundeetako gizarte eta etxebizitza zerbitzuekin koordinaturik, osasunaren aldetik arrisku-egoeran dauden pertsonak antzemateko, Nafarroako berariazko kasuistika eta horrek osasunaren zein ongizatearen gainean dituen ondorioak aztertzeko, prebentzio programak antolatu eta egokitzeko, eta utzarazpen prozesuek berekin dakartzaten giza kostuak, osasunekoak eta sozialak jakiteko. Horrela, emaitza horiek guztiak kontuan hartu ahalko dira Osasun, Gizarte Zerbitzu, Etxebizitza eta ukituta egon daitezkeen gainerako arloek politika publikoetan egin beharreko esku-hartzea planifikatzeko orduan”.


Zioen azalpenean, berriz, Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak sustatu eta PSNk zuzendutako erabaki horrek gogora ekartzen ditu hainbat herrialdetan, Espainia barne, egindako azterlanen emaitzak. Horien arabera, “% 68,4 dira utzarazpen prozesu batean murgilduta egonik trauma osteko estresaren ezaugarri guztiak agertzen dituzten pertsonak. Buruko osasunaren arazo larrienetako bat suizidioa da, hori gertatzeko arriskua lau aldiz handiagoa baita utzarazpenek ukitutako pertsonen artean”.


Estres horrek “larritasun handiko” bizi esperientziaren bat izan dutenei eragiten die, eta “ondorio iraunkorrak ditu buruko osasunean; izan ere, % 39k baino ez dute lortu banketxeekiko zorra kitatzea, eta gainerakoak zorpetze kronikoko dinamika batean sartu dira, haien bizitza osoaren garapena zamatuko duena”.


Nafarroan prozesu horiek 2015ean % 32 gehitu direla azpimarratzen da (Espainian 448.000 utzarazpen izan dira 2008tik 2015era bitartean), eta salatu egiten da “osasun-sistema publikoak, egoeraren larritasuna gorabehera, ez duela mekanismorik abiarazi biztanleria sektore horren osasun beharrizanak antzeman eta horiei erantzuteko”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
Mozioa (88. NPAO, 2016-06-17koa)