Publicada el Donnerstag, 3 de November de 2016

Ikasle behartsuak ikastetxe publikoetan ez kontzentratzeko eskatu du Parlamentuak

Eskolatzeko orduan zatikatze soziala ekidite aldera, funts publikoekin sostengatzen diren ikastetxeek beren erantzukizunari aurre egin behar dietela argudiatuta

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen erabaki batek Nafarroako Gobernua premiatzen du “Hezkuntza Departamentuko giza baliabideak eta baliabide material zein ekonomikoak egonkortzeko eta banatzeko politika bat atxiki diezaien ikasleen, ikastetxeen eta auzo eta eskualdeen beharrizanei”.


Horretarako, baliabide gehigarriak eman behar zaizkie ikastetxeei, “dauden eskualdearen ezaugarri sozioekonomikoen eta haien ikasleen familia motaren arabera”.


Horrez gain, “hezkuntza proiektuan sartutako ikastetxeetako irakasleen plantillak eta irakaslez besteko laguntzak” indartu eta bermatu behar dira, eta ratioak jaitsi “konplexutasun handiko ikastetxeetan eta sozioekonomikoki ahulen diren eskualdeetako ikastetxeetan, hala behar denean”.


Mekanismoak ziurtatu beharko dira, halaber, “hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen eskolatze orekatu bat bermatzeko, baliabide publikoek finantzatzen dituzten ikastetxe guztien artean”. Epigrafe horretan PPN abstenitu egin da eta gainerakoek aldeko botoa eman dute.


Bestalde, ezinbestekotzat jotzen da “sozialki kaltetutako ikasleei eta ikastetxeei buruzko datuak, adierazleak, azterlanak eta ebaluazioak, aldizkakoak, prestatzea eta prestaketa eta argitalpena ahalbidetzea”.


Honako hau ere eskatzen da: “Prestakuntza ematea eredu inklusibo batean eta eredu inklusibo baterako, irakasleendako hasierako eta etengabeko prestakuntza-plan berezien bidez, finantzaketa berezia izanen dutenak”.


Baita hau ere: “Premia bereziak dituzten ikasleen gurasoen edo tutoreen parte-hartzea sustatzea, haien hezkuntza beharrizanen ebaluazioan eta kasu bakoitzean ezartzen diren hezkuntza neurrien prestaketan, aplikazioan, berrikuspenean eta ebaluazioan”.


Ildo horretan, “Nafarroako Hezkuntza Bereziko ikastetxeetarako erregelamendu organiko bat” onets dadila eskatzen da.


Azkenik, dei egiten da “hezkuntza publikoko behar adina eremu” eskaintzeko, “ikastetxe publikoetan eskolatzeko eskaera guztiari erantzun ahal izateko”.


PSN parlamentu-taldeak sustatutako erabakiaren zioen azalpenean Administrazioari dei egiten zaio “behar diren neurriak hartzeko, ikasleak ikastetxeen artean modu orekatuan bana daitezen bermatze aldera, horrela, ikasle behartsuenak ikastetxe publikoetan kontzentratu ez daitezen”.


Proposatzailearen iritziz, “funts publikoekin finantzatzen diren ikastetxe guztiek beren erantzukizun sozialari aurre egin behar diote, gizartea ez zatikatzeko eta kalitatezko eskola bermatzeko ikasle guztiei, baita hezkuntza premia bereziak dituztenei ere, zeinak nabarmen ugaritu baitira”.
Horren harira, azpimarratu egiten da “konpentsazio tresnen defizita” dagoela, “bereziki landa-eremu askotan”, eta “inklusioaren eta normalizazioaren oinarrizko printzipioen arteko oreka” bilatzeko eskatzen da, “hezkuntza eskaintza ikasleen premietarako egokia izan dadin”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
Mozioa (125. NPAO, 2016-10-28koa)