Publicada el Donnerstag, 17 de November de 2016

Parlamentuak premiatzen du 2016-2017 ikasturterako bekak eta laguntzak emateko irizpide berriei euts diezaien

Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio hurrengo deialdira arte ez dezala aplika unibertsitateko lehen kurtsoan NUPen plazarik lortu ez izana frogatzearen baldintza

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin gaurko Osoko Bilkuran onetsi duen erabaki batean, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “2016-2017 ikasturterako beka eta laguntzen deialdi orokorrean (Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren urriaren 20ko 725/2016 Ebazpena) ezarritako irizpide eta arau berriei euts diezaien, ikasle guztientzako aukera-berdintasunaren eta ekitatearen printzipioak bermatzeko”.

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan Hezkuntza Departamentuari dei egiten zaio “ez dezan hurrengo deildira arte aplika unibertsitate mailako lehen kurtsoko ikasleentzat ezarritako baldintza, hots, NUPen ikasteko plazarik lortu ez izana frogatzearena”.

Gero, hirugarren puntuan, Foru Gobernuari eskatzen zaio “programa-akordioan ezarritakoa errespeta dezala, beka eta laguntzen deialdi orokorrari dagokionez”.

Ordezteko zuzenketa baten emaitza da onetsitako erabakia. Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk, I-Ek eta ekimenaren titularra den EH Bilduk sinatu dute zuzenketa hori.

Zioen azalpenean, bestalde, EH Bilduk bultzatutako erabaki horrek gogora dakar Uxue Barkosen Gobernua sostengatzen duten lau indarrek sinatutako akordio programatikoa, azpimarratzen du adostasuna lortu zela “ikuspegi sozialago batetik beka-sistema aldatzeko”, eta agerian jartzen du “aipatu akordioan ezarritakoarekin kontraesanean dauden irizpideei eutsiko zaiela jakiteak sortu duen asaldura”.

Hori horrela, erabakian ohartarazten denez, “Administrazioak sustatzen dituen hezkuntza-jarduera eta zerbitzu osagarri guztiak ikasle guztientzat irisgarri izan daitezen, ezinbestez aldatu behar dira derrigorrezko ikasketen ondoko unibertsitate-ikasketetarako nahiz unibertsitatez kanpoko ikasketetarako beka eta laguntzen lehiaketa orokorra arautu izan duten printzipioak”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (111. NPAO, 2016-09-30ekoa)

 

Urriaren 31n argitaratutako beka-deialdia aldatzeko eskatzen zuen mozioa atzera bota du Parlamentuak

UPNk diru kopuru handiagoa eskatzen zuen, derrigorrezko ikasketen ondoko ikasle berriengana iristeko, aurreko deialdiak oinarri hartuta

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur baztertu duen mozio batek Hezkuntza Departamentuari eskatzen zion “urriaren 31n NAOn argitaratutako beken deialdia aldatzeko eta 2015-2016 ikasturteko unibertsitate-ikasketetarako beken deialdiaren irizpide berak ezartzeko”.

Baztertutako mozioaren bigarren puntuan Nafarroako Gobernua premiatzen zen “handitu dezan 2016-2017 ikasturteko derrigorrezko ikasketen ondoko unibertsitatez kanpoko ikasketetarako eta unibertsitate-ikasketetarako beken deialdiaren diru kopurua, erantzun ahal izateko beken deialdi honetara orain arte aurkeztu ohi ziren ikasleen laguntzei eta, departamentuaren beraren aurreikuspenen arabera, bertara sartuko diren ikasle berriei ere bai”.

UPN parlamentu-taldeak bultzatutako mozio horren zioen azalpenean argudiatzen zenez, 2016-2017 ikasturterako beken deialdia “hain berandu” argitaratzearen ondorioz, bekak emateko egin diren aldaketek “bereizkeria” dakarte, eta “ikasteko laguntzak ezartzerakoan unibertsitatea hautatu ahal izateko askatasuna ematearen” azpian dagoen “aukera-berdintasunaren” printzipioaren kontrakoak dira.

Horren ildotik proposatzaileak ohartarazten zuenez, bekak 2.739 ikaslerengana (2016an baino ehuneko 24 gehiagorengana) helarazi nahi dira, baina diru kopurua “ia aurreko ikasturteko berdina” da eta horrenbestez “beken diru kopuruak txikiagoak izanen dira”. Hori guztia egin da –eransten zuen– “ikasturtea hasita dagoela”, eta Hezkuntza Ministerioari eta Eusko Jaurlaritzari unibertsitaterako bekak eskatzeko epeak “bukatuta”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (135. NPAO, 2016-11-15ekoa)