Publicada el Donnerstag, 22 de Dezember de 2016

Onetsi da 2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorroei buruzko Foru Legea

115 zuzenketa erantsi ondoren, hauetako azkeneko 10ak Osoko Bilkuran txertatuta, gastu eta sarreren azkeneko egoera 4.061.878.879 tan finkatu da, 2016an baino % 6,5 gehiago

Nafarroako Parlamentuak gaur onetsi du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin, 2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea.

Legearen 1. artikuluan jaso denaren arabera, 2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek 4.061.878.879 euroko kredituak dituzte, eta Parlamentuaren, Kontuen Ganberaren eta Ararteko erakundearen aurrekontuek, Foru Komunitateko Administrazioaren eta horren erakunde autonomoen aurrekontuek, Nafarroako Kontseiluaren aurrekontuak, Foru Komunitateko fundazio publikoen aurrekontuek eta Foru Komunitateko sozietate publikoen aurrekontuek osatzen dituzte.

2. artikuluan ageri denez, 3.731.453.266 eurokoa da gastu ez-finantzarioaren muga. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 34. artikuluan dago araututa muga hori.

Aurrekontu egonkortasunaren arloko helburuak betetze aldera, eta Aurrekontu-egonkortasunari eta Finantza-iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat, 3.524.293.603 euroko muga ezarri zaio gastu ez-finantzarioari, behin Toki Ogasunen Funtsa deskontatuta.
Laugarren artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen aginduen araberakoak izanen dira aurrekontu-kredituen aldaketak, onetsitako foru legeak agindu horiek aldatzen ez dituen heinean.

Hala ere, ez dira aurrekontu-aldaketatzat hartuko kontu-sailen arteko funts mugimenduak, baldin eta, kontu-sail horietan agertzen diren kredituek helburu bera izanik, kontu-sail ezberdinetan kokatuta badaude Europar Batasunak gastuen erabilera hobeto kontrolatze aldera halaxe exijitzeagatik, gastuak hein batean hark kofinantzatuak izatearen ondorioz.

Europar Batasuneko programen aurrekontu-aldaketei dagokienez, Nafarroako Gobernuak, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak proposaturik, eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak txostena egin ondoren, aurrekontuetan behar diren aldaketak egiteko baimena eman ahal du, EBk kofinantzatutako programa eta proiektuak ekitaldian zehar ahalik eta hobekien betetzeko, Europako Batzordeak hasierako dokumentuan onetsitakoari edo ondoren jarraipen batzordeek edo Batzordeak berak eginiko aldaketei jarraituz. Aurrekontu-aldaketak gastuen egoera-orrietan agertzen diren edozein motatako kredituen bidez finantzatu beharko dira.

Gaurko Osoko Bilkuran onetsi den legeak Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek adostutako 9 in voce zuzenketa jaso ditu, eta beste bat PSNk sinatutakoa; hauek gaineratzen zaizkie Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordean abenduaren 12tik 15era aurretik egindako eztabaidan (680 zuzenketa jorratu ziren) irizpenari heldutako 105 zuzenketei (6 izan ezik, guztiak Gobernua babesten duten lau taldek soilik sinatuta).

Osoko Bilkurako eztabaidan, UPNk, PSNk eta PPNk egindako 314 zuzenketaz gain, in voce aurkeztutako beste 10 jorratu dira. 10 horietatik, 1 PSNk aurkeztu du eta 9 Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sinatu dituzte.

Eduki ekonomikoari erreparatuta garrantzi handiena duen in voce zuzenketak honako hau dio:

- Zentro psikogeriatrikoko ekipamendu berria izeneko kontu-saileko gastuei 2.545.500 euro gehitzeko zuzenketa, Egonaldi Luze eta Ertainetarako Osasun Mentaleko Unitatearen egoitza izanen den zentro psikogeriatrikoko obraren amaiera finantzatzea xede duena. Unitate hori 2017ko azken hiruhilekoan irekitzekoa da. Obrak atzeratu izanaren arrazoi “ugarien” artean aipatzen da eraikina babestuta dagoela eta proiektua desfasatuta gelditu dela, egin zenetik gauzatzen hasi den arte teknologiak eta araudiak aurrera egin dutelako. Osasun Departamentuaren kontu-sail hauen kargura finantzatuko da: Zentro psikogeriatrikoaren ekipamendu berria (800.000 euro), Ekipamendu medikoa (200.000), Birmoldatze planeko obrak (400.000) eta Farmazia prestazioak (1.145.500 euro). Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

Testu artikulatuari eta departamentuei egindako zuzenketen eztabaida amaitu denean, 2017rako Aurrekontuei buruzko Foru Lege proiektua bozkatu da, bai eta behin betiko onetsi ere.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru Lege proiektua (127. NPAO, 2016-11-02koa)
• Zuzenketak (136. NPAO, 2016-11-18koa)
• Zuzenketak (144. NPAO, 2016-12-02koa)
• Irizpena (xxx. NPAO, 2016-12-xx(e)koa)