Publicada el Freitag, 23 de Dezember de 2016

Parlamentuak Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea onetsi du

Legeak neurri fiskal nagusiei eusten die, pizgarri berriak ezartzen ditu, ekintzailetza sustatzeko neurriak hobetzen ditu eta iruzurraren aurkako borrokari bultzada ematen dio

Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN eta PPNk aurkakoa.

 

Jarduera ekonomikoak ugaritzen eta Estatuko nahiz atzerriko inbertsioa erakartzen laguntzeko sortua da sozietateen gaineko zerga. Enpresek lortzen duten errenta kargatzen du, eta, PFEZarekin batera, zuzeneko zergapetzearen zutabe nagusia da.

 

Zergak biltzeko gaitasunaren etengabeko galerari, arauen konplexutasunari eta segurtasun juridikoaren inguruko arazoei aurre eginez, lege berriak gaur egungo tributuen errealitate konplexua bateratzen duen arau bilduma jasotzen du. Jatorrizko arauan (1996koa) erregulatutako neurri fiskal nagusiak mantentzen ditu, pizgarri berriak ezartzen ditu –esaterako, zenbait kenkariren muga kentzea– eta ekintzailetza babesteko aurreikuspenak hobetzen ditu.

 

Ildo horretan, gaur egun dauden karga-tasei eutsi zaie, eta aldaketarik gabe mantendu dira, orobat, zerga-amortizazioaren sistema, ordainketa zatikatua egiteko betebeharra eta enpresa txikien araubide berariazkoa, uste baita horrek denak arauen egonkortasuna eta diru-bilketaren nahikotasuna bermatzen dituela.

 

Bestalde, araudian detektatu diren hutsuneak betetze aldera, iruzur fiskalaren kontra hemen bertan eta nazioartean borrokatzeko zenbait xedapen gehitu dira, Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE) onetsi duen planean oinarrituta. Europar Batasunak eta ECOFINeko enpresek bere egin dute plan hori.

 

Beraz, sozietateen gaineko zergaren gaurko egituraren oinarrizko arauei eusten die foru legeak, non kontabilitate-emaitza den oraindik ere abiapuntua zerga-oinarria zehazteko.

 

Dena den, ekarri dituen berritasunen artean nabarmendu behar da merkataritzako sozietate zibilei dagokiena, horiek sozietateen gaineko zergaren araudiari lotuta tributatuko baitute hemendik aurrera.

 

Gainera, ikerketa eta garapen jarduerei dagokien arauketa jaso da, proiektuan ez dauden baina hura finantzatzen laguntzen duten edota haren finantzaketaz arduratzen diren pertsonek onura fiskalak jaso ditzaten.

 

Era berean, Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Legearen bidez pertsona fisikoei emandako bultzadaz gainera, onura fiskalak ematen zaizkie baita energia iturri berriztagarrietan eta ibilgailu elektrikoetan inbertitzen duten pertsona juridikoei ere.

 

Osoko bilkuran egin den eztabaidan aho batez onetsi dira bi in voce zuzenketa. Argitzeko zuzenketak izan dira, eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sinatu dituzte.

 

 
· www.nafarroakoparlamentua.eus
· Foru lege proiektua (130. NPAO, 2016-11-07)
· Zuzenketak (146. NPAO, 2016-12-07)