‘Bizia salbatzea gure esku dago’ erakusketa inauguratu du Nafarroako Parlamentuak
‘El ABC que salva vidas’ elkarteak antolatutako erakusketa azaroaren 4ra arte egongo da zabalik eta helburua bizkortze-maniobretan trebatzea da, Bihotz-geldialdiaren Munduko Egunaren karietara
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Bizitzak salbatzea gure esku dago erakusketa inauguratu du gaur goizean. 'El ABC que salva vidas' elkarteak antolatutako erakusketa da, igande honetan ospatuko den Bihotz-geldialdiaren Munduko Egunaren karietara, berriz ere bihotz-biriketako bizkortze-maniobra aplikatzeko oinarrizko nozioei buruzko informazioa zabaltzeko.
Irekiera-hitzaldian, Unai Hualdek Parlamentuaren eta 'El ABC que salva vidas' elkartearen arteko lankidetza-historiaren berri eman du. Osasunbideako osasun-profesionalek eta Nafarroako Gobernuko suhiltzaileek osatzen duten irabazi-asmorik gabeko erakundea da. “Oinarrizko bizi-euskarriaren ezagutza zabaldu nahi du, arreta behar bezala egin dadin, ahalik eta atzerapen txikienarekin, eta, beraz, eraginkortasunik handienarekin. Bat-bateko heriotzaren arriskuaren aurrean biziraupen-kateak duen garrantziaz kontzientziatu behar da”.
Testuinguru horretan, “bihotza gelditzen denean eraginkortasunez erantzuten lagunduko duten publizitate- eta dibulgazio-kanpainen bidez prestatzen eta informatzen jarraitzearen” alde egin du presidenteak. “Funtsezkoa da eskoletan heztea, El ABC que salva vidas elkartearen jarduerarekin eta helburuekin bat etorriz. Erakundeek, bestalde, herritarren zerbitzura gero eta oinarrizko bizi-euskarri gehiago jartzen jarraituko dugu. Zorionak zuen lanagatik eta eskerrik asko”.
Ondoren, Diego Reyerok, 'El ABC que salva vidas' elkarteko lehendakariordeak, gogorarazi du, estatistikei erreparatuz gero, gaixotasun kardiobaskularrak (miokardio-infartuak eta istripu zerebrobaskularrak) direla munduko lehen heriotza-kausa. “Behar bezalako arreta medikorik gabe, bihotz-gelditze baten biziraupen-tasa oso baxua da, eta horregatik oso garrantzitsua da bihotz-biriketako bizkortze-teknikak (BBB) ezagutaraztea, larrialdietan jarduteko”.
Jarraian, bisita gidatu bat eskaini du Clint Jean Louis erakusketaren komisarioak, eta erakusketa osatzen duten bederatzi panelak azaldu ditu, eskola-programen eta polizia-programen bidez oinarrizko bizi-euskarria erabiltzen ikasteak duen garrantzia azaltzeko.
Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioko ikasle talde batek musikaz lagundu du ekitaldia. June Zoraquiainek (biolontxeloa), Santiago Merinok (biolina) eta Nora Suarezek (biolina) osatu dute hirukoa.
Bizia salbatzea gure esku dago erakusketa tamaina handiko 9 roll up-ek (argazkiak, olanak, suspertzeko materiala) eta elkarteak Oinarrizko Bizi Euskarriaren ezagutza orokortzeko egiten duen prestakuntza- eta hedapen-lanarekin zerikusia duen bideo batek osatzen dute. Jendearentzat irekita egongo da Ganberaren egoitzako atalondoan azaroaren 4ra arte. Ordutegia 9:00etatik 20:00etara izanen da astelehenetik ostiralera, ostegunetan izan ezik, eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara.
Ohikoa denez, erakusketa berri hau Kultur Atrio programaren barruan sartzen da. Programa horren bitartez, 2016ko otsailaz geroztik, Parlamentuak ateak irekitzen ditu, eta babesa ematen die adierazpen artistiko eta dibulgatiboei.
Erakusketa Ganberaren egoitzako atarian ireki da ofizialki, eta, besteak beste, honako hauek bertaratu dira: Yolanda Ibáñez, Mahaiko bigarren lehendakariordea, Cristina Ibarrola (Navarra Suma), Arantza Biurrun (PSN), Ana Ansa (Geroa Bai), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra). Santos Induráin Osasun kontseilaria ere bertan izan da.
Bihotz-geldialdiaren Munduko Eguna 2012an sortu zen, Europako Parlamentuaren adierazpen batetik abiatuta, baina 2018tik mundu osoan ospatzen da, Bizkortzeari buruzko Nazioarteko Loturaren Batzordearen (ILCOR) laguntzari esker. Batzorde horrek 5 kontinenteetako Bihotz-biriketako Bizkortze Kontseiluak biltzen ditu.
Bihotz-biriketako Bizkortzea (BBB) bihotzeko baten aurrean oinarrizko lehen sorospenetako eskuzko teknikak edo maniobrak aplikatzean datza, arnasketa eta bihotz-taupadak suspertzeko, kaltetutako pertsonak larrialdiko arreta medikoa jaso arte.